Zurriolako bidegorri berriaren segurtasun-gabezia salatu du Eguzkik
Zurriola hiribideko bidegorriaren behin-behineko desbideraketa arriskutsua dela salatu du Eguzki talde ekologistak. Zehazki, Zurriolako zubitik hiribiderako sartzea seinalatu dute plataformako kideek, hainbat arazo dituela nabarmenduz.
Hiribide hasieran bidegorria espaloitik galtzadara mugitu du udalak, bizikleten zirkulazioa hobetze aldera. Eguzkiren ustetan, ordea, trazaketa berriaren kurba ez dago behar bezala seinaleztatuta, eta ondorioz, oinezkoek bidegorria inbaditzen jarraituko dutela azaldu du. Gainera, Ramon Maria Lili pasealekutik datozen autoek hiribiderako kurba ematen dutenean bidegorria zapaltzen dutela salatu dute talde ekologistatik.
Horrez gain, ibilbide berriak dituen 300 metroetan zehar, bizikletadunek sei zebra-bide gurutzatu behar dituztela azpimarratu dute Eguzkiko kideek, eta Miguel Imaz kaleko autoen sartzeak kolpatze arriskua dakarrela ere zehaztu dute.