EH Bildu ez da Udalak Woody Alleni egingo dion harrerara joango
Donostiako EH Bilduk ohar batean adierazi duenez, “mugimendu feministaren salaketekin bat eginez” koalizioko zinegotziek ez dute parte hartuko Eneko Goia alkateak bihar Woody Allen zinemagileari egingo dion harreran. Asteazkenetik abuztuaren 20ra arte Donostian film bat grabatzen arituko da Allen, eta udalak zuzendariarekiko ezohiko trataera izan duela salatu du EH Bilduk. Halaber, Mediapro ekoiztetxearekin batera antolatutako ekitaldia lekuz kanpo dagoela gaineratu du.
Talde politikoak oharrean azpimarratu duenez Allenen aurkako salaketa larriak direla-eta ez da joango antolatutako harrera ofizialera. Izan ere, bere alabak publikoki salatu zuen haurra zela sexu gehiegikeriak egin zizkiola Allenek; horren harrira hainbat herrialdetako mugimendu feministek salatu dute azken urteetan.
Zuzendariari ezohiko tratua emateaz gain Goiak salaketok kontuan hartu ez eta harrera ofiziala egitea erabaki duela azpimarratu du EH Bilduk. Zuzendariak AEBetan lan egiteko izan dituen zailtasunak eta hainbat aktore berarekin lan egin izanaz damutu direla ere aipatu ditu. Horien artean legoke, besteak beste, Mediapro ekoiztetxeak ekoitzitako Vicky, Cristina, Barcelona filmeko protagonista, Rebeka Hall.