Kursaalek 20. urteurrena topaketa eta musika emanaldi batekin ospatuko du
Bi hamarkada bete ditu Kursaalek. Gaur goizean aurkeztu dute 20 urteotako balorazioa, eta azaroaren 28an egingo duten urteurren ospakizunaren xehetasunak eman dituzte.
Kursaalek hasierako inbertsioa hogei bider gainditu duela adierazi dute prentsaurrekoan. Hogei urtetan ia bederatzi milioi pertsonak parte hartu dute 5.336 ekitalditan, eta batez beste urteko 293 egunetan erabili da.
Urteurrena ospatzeko bi ekitaldi antolatu dituzte azaroaren 28rako. Batetik, topaketa berezi bat egingo dute Ganbera aretoan (18:00). Rafael Moneo arkitektoa eta Iñaki Gabilondo kazetaria solasean ariko dira Kursaalen 20 urteko ibilbideaz eta beste. Sarrera doakoa izango da aretoa bete arte.
Bestetik, areto nagusian musika emanaldia egingo dute (20:00). Askotarikoa izango da, errepertorio klasikoa eta pop rocka uztartuko dituena: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Orfeioi Gaztea, Lucia Lacarra dantzaria, Elena Sancho sopranoa, Izaro abeslaria, Mikel Erentxun abeslaria eta Eñaut Elorrieta abeslaria. Juan Jose Ocon arduratuko da emanaldiaren zuzendaritzaz. Sarrerak dagoeneko salgai daude 50 eta 40 eurotan.