Manresako talde bortxaketa salatzeko elkarretaratzea egin dute udaletxearen aurrean
Manresako talde bortxaketa salatzeko elkarretaratzea Alderdi Ederren. (Argazkia: Emakumeen Etxea) Atzo deklaratu zuen Bartzelonako epaitegietan Manresan gizon talde batek bortxatu zuen 14 urteko neskak, eta arratsaldean elkarretaratzea egin zuten Alderdi Ederren, biktimari elkartasuna adierazi eta bortxaketa salatzeko. Sare sozialetan zabaldutako kartel baten bitartez egin zuten deialdia, eta estatuko beste hainbat tokitan ere egin zituzten mobilizazioak. Donostian Emakumeen Etxeak antolatu zuten protesta, No es abuso, es violacion lelopean.
Atzo ekin zion berriro Bartzelonako Probintzia-auzitegiak epaiketari, eta fiskaltzak sexu-abusu jarraituak leporatzen dizkie sei auzipeturi. Zazpigarren akusatuari, aldiz, bortxaketa ikusi bitartean masturbatzea eta ez galaraztea egozten diote. Fiskaltzak jakinarazi du hamar eta hamabi urteko espetxe zigorra eskatuko duela neska txandaka bortxatu zuten gizonentzat, baina ez du baztertzen abusua beharrean, sexu erasoa izan zela ebaztea. Atzoko elkarretaratzean bortxaketa sexu erasoa izan zela aldarrikatu zuten, eta ez abusua.

