Parte Zaharra hartu du Woody Allenek
Arazoak eta ikusmina sortu ditu gaur Woody Allenen filmaren grabaketaren hasierak.
Woody Allen hasi da Donostia Zinemaldian girotutako filma grabatzen. Goizetik iluntzera arte Parte Zaharreko hainbat lekutan aritu dira grabaketa-lanetan. Udalak aurreko astean jakinarazi zuen bezala arratsaldean zehar erabat itxita egon da Bulebarra; errepidea trafikoari ixteaz gainera oinezkoei ere mugatu dizkiete zumardiaren zati batzuk. Narrika kalean eszena bat grabatzen aritu dira lehenik eta dagoeneko nabaria zen jendearen ikusmina, udaltzainek eta produkzioko langileek hesitutako lekuetan ikusle andana zegoen bilduta. Goizean baino jendetsuagoa izan da grabaketa, kalean dagoeneko herritar eta turista ugari baitzebilen.
Narrikako grabaketa amaitu ostean Bulebarrerakoa egin du lantaldeak eta kioskoaren bueltan prestatu dute platoa. Hesitutako zatiak behin eta berriro handitu behar izan dituzte, ikusnahiz bildutakoak planoetan atera ez zitezen. Ostegunean eta ostiralean ere Donostian arituko dira grabatzen eta dagoeneko eman dute sortuko dituzten eragozpen batzuen berri. Aipagarriena, ostegunean zehar Antiguako tuneleko trafikoa aldika moztuko dutela.
Goizean zehar ere Parte Zaharra hartu dute grabaketa-lanek
Goizeko lehen orduetatik ezohiko mugimendua nabaritu da Parte Zaharrean. Goizero inguruko taberna eta jatetxeetara gerturatzen diren banatzaileen eta hornitzaileen ohiko furgonetez gain Woody Allenen filmaren grabaketarako materialez betetako kamioiek hartu dute Bulebar ingurua. Bat baino gehiago ezustean harrapatu du Bulebarreko geltokietan autobusak beharrean karabana zuriak ikusteak. Bederatziak pasatxoan autobusa hartzera zihoan emakume bat haserre agertu da eta bertan zegoen ekoizpeneko arduradun bati ozen esan dio norengatik eta Allenengatik autobus geltokiak horrela mugitzea ez zitzaiola bidezkoa iruditzen.
13. linearena izan ezik Bulebarreko autobus-geltoki guztiak kendu dituzte egun osorako eta taxi geltokia ere Legazpi kalera lekualdatu dute arratsaldean. Bezeroen zain zegoen taxilari batek goizean aipatu duenez goizean ez du inolako arazorik izan baina iluntzerako kezka handiagoa agertu du: “Legazpi kalekoa desastre bat izango da.”
Banatzaileek arazo handiagoak izan dituzte, ostalari batek esan digunez. Bulebarrean eta Ijentea kalean aurrera ezin eginik ibili dira eta, IRUTXULOKO HITZArekin hitz egin duen ostalariari behar zuen guztia heldu bazaio ere banatzaileek goiz zaila izan dutela aipatu du. Lasala plazan hiru kamioi material deskargatzen ari ziren filmaren ekoizpeneko langileei begira gehitu du bizilagunei egingo diela enbarazu handiagoa filmaketak. Hala eta guztiz ere, filmaketak Udalaren baimena duen artean gaizki iruditzen ez zaiola zehaztu du, eta kexaren bat duenak badakiela nora jo behar duen.
Grabaketaren unea gerturatu ahala kazetari, udaltzain eta ekoizpen-langile ugari ibili dira Parte Zaharreko kaleetan. Gutxika jendea ere gerturatu da, ikusminez. Kanpandegi kaleko ezkaratzetako ateetan udalak jarritako ohar batean irakur zitekeenez, 10:00etatik 14:00ak bitartean kalerako sarbidea mugatua izango zen, bertan baitziren filmaren lehen grabaketak egitekoak. Azkenean, 11:00k aldera itxi dute Kanpandegi kalea, grabaketak hasteko.
“Woody go home”
Fermin Calbeton eta Kanpandegi kaleen arteko gurutzaketan ‘catering’ gune bat prestatzen ari zirela “Woody go home” zioen pankarta bat zabaldu dute Kijera gaztetxetik, zinemagilea ongi etorria ez dela argi utziz.
Parte Zaharreko auzo elkarteko eta Kijera gaztetxeko asanbladako kide batekin hitz egin ahal izan du IRUTXULOKO HITZAk. Adierazi duenez, filmak izan dezakeen ondorioek kezkatzen dute. Film hau hiria mundu-mailan saltzeko azken urteetan egindako hainbat ekimenekin lotu du, 2016ko Europako Kultur Hiriburutzarekin, besteak beste eta zinemaren eta turismo masiboaren arteko lotura ekarri du gogora, Venezia jarriz adibidetzat. Alde horretatik, udalaren papera salatu du, filmari alfonbra gorria jartzeagatik.
Uda osoan zehar luzatuko da gaur hasitako grabaketa, abuztuaren 20ra arte, Donostian eta inguruetan.