'Kearen artxibogileak' erakusketa ikusteko beste bisita gidatu bat egingo dute
'Kearen artxibogileak' erakusketa agurtzeko zigarrogile ohiek eta Tabakalerako oraingo langileek beste bisita gidatu bat egitea erabaki dute.
Joan den ostiralean, uztailaren 5ean, amaitu zen Kearen artxibogileak erakusketa ikusteko epea. Erakusketa agurtzeko zigarrogile ohiek eta Tabakalerako oraingo langileek gidatutako bi bisita egin zituzten, eta arrakasta ikusita, beste bisita gidatu bat egitea erabaki dute. Bihar, uztailaren 12an, izango da, 17:00etan. Izen-ematea honako galdetegia betez egin beharko da.
Tabakalerako 0. solairuan dagoen Sototik abiatuko eta eraikinean barrena garatuko dira bisita gidatuak. Proiekzioak eta proiektuaren harira artxibatutako materialak eta gauza ez-materialak erakutsiko dituzte, eraikinaren iragana eta oraina elkartzeko gakoak eskainiz.
Tabakalera tabako-fabrika zeneko memoria berreskuratzeko ekimenetik sortutako erakusketa urtebetez egon da ikusgai. Besteak beste, zigarrogileek erabilitako jantziak, Ducados kartoietan idatzitako errezetak eta orduko nominak erakutsi dituzte Tabakalerako 0. solairuko Soto aretoan. Azken hilabeteetan artxibo komunitarioa elikatzen jarraitu da eta ikerketa ildo berriak ireki dira.
Joan den urtean erreportaje batean bildu zituen IRUTXULOKO HITZAK erakusketaren eta zigarrogile ohien ingurukoak.