TAO txartela dutenek hiri osoan aparkatu dezakete udan
Irailaren 30era bitarte aparkaleku mugatuko guneetan ibilgailua doan utzi dezakete, 15 minutuko gune komertzialetan izan ezik. Neurri hori hartu du udalak hirian egingo diren ekitaldi eta film grabazioengatik.
Udan ekitaldi bereziak eta film zein telesail hainbaten grabazioak egingo dira hirian. Hori dela, Donostiako Udalak TAO txartela duten herritarren aldeko neurri bat hartu du. Irailaren 30era bitarte, Egoiliarrentzako Aparkaleku Bereizgarriaren bezeroek baimena izango dute ibilgailuak aparkaleku mugatuko guneetako sektoreetan aparkatzeko. Dena dela, ezin izango dute dohainik aparkatu ordainketa nahitaezkoa den 15 minutuko gune komertzialetan.
«Udalak neurri hori hartzen du ekitaldiren bat dagoenean, eta ekitaldi horrek aparkatzeko tokiak kentzen dituenean. Ohikoena izaten da neurriak ekitaldiaren eremuari bakarrik eragitea. Adibidez, Jazzaldian TAO txartela duten Parte Zaharreko eta Groseko auzotarrek hiriko beste eremuetan aparkatzeko baimena izaten dute», azaldu du Donostiako Udaleko Mugikortasun sailak.
Udan, ordea, baimena orokorragoa izango da: «Hainbat ekitaldi berezi eta film zein hainbaten grabazioak egongo dira udan. Astero baimenak ematen ibili beharrean, erabaki dugu baimen hori uda osora zabaltzea». Izan ere, datozen bi hilabeteetan aparkatzeko leku falta auzo hainbatetan egongo da. «Auzo batean baino gehiagotan, aldi berean, jarduerak egon daitezke, eta horri aurre egiteko erabakia da».
Jazzaldiak ez ezik, aparkalekuak mugatuko dituzten kultur zein kirol ekitaldiak asko dira. Hala nola, Donosti Cup txapelketa, Donostiako Klasikoa, Aste Nagusia eta Zinemaldia. «TAO aparkalekuak mugatzeko beharra sortzen dute, eta udako aurreikuspenarekin egokiena da bezeroei aukera zabala eskaintzea», nabarmendu du Mugikortasun sailak.
Adjudikazio berria
Udazkenerako aurreikusten du udalak TAO zerbitzuaren kontratu berria adjudikatzea. Sei urteko iraupena izango du eta bi ataletan banatuta dago. Aurreneko hiru urtetan aurrekontua 6,4 milioi eurokoa izango da urteko, eta azken hiru urtetan 6,8 milioi eurokoa. TAOaren lehen atalak Erdialdearen kontrolari dagokio –Mirakontxa eta Pio XII.a arte–, eta bigarrenak Gros, Antigua, Egia eta Amara Berri auzoetako kontrolari.
Kontratu berriak berrikuntza batzuk izango ditu, eta horien artetik esanguratsuena da aparkatzeko mugikorreko aplikazioaren erabiltzaileek izango duten abantaila. Aurrerantzean, aplikazioa erabiltzen dutenek ez dute egungo komisioa ordaindu beharko –%6koa da–. Hau da, makinetako prezioak ordainduko dituzte.
Txartela ateratzeko makina zaharrenak ere aldatuko dira, eta makina kopurua gutxituko da. Izan ere, mugikorren bidez aparkatzeko aplikazioak gero eta erabiltzaile gehiago ditu. «Egun 500 makina daude hirian, eta behin adjudikazioa eginda 400 makina egotera pasako da. Egun egiten diren eragiketen %33a aplikazioaren bidez egiten dira, eta hori sustatu nahi denez makinak gutxituko dira. Halere, TAO zerbitzua eskaintzen den kale guztietan makina bat gutxienez egongo da», azaldu du Mugikortasun sailak.
Bizikletentzako aparkalekuak
Motorrik gabeko ibilgailuentzako neurriak ere hartu ditu udalak. Bizikletak aparkatzeko 180 plaza gehiago jarriko dituzte udan, eta bakoitzak bederatzi bizikleta uzteko lekua izango du. «Gune horiek behin-behinekoak dira, urte osoan gune publiko hori ez okupatzeko», azaldu du Mugikortasun sailak.
Gehienak dagoeneko erabilgarri daude ekaina hasieratik. 108 plaza berri jarri dituzte Zurriolako hondartzan –54 kai muturrean eta beste 54 Kursaalaren inguruan– eta 27 plaza Kontxako hondartzan, Mirafloresko Markesaren kalean. Ondarretan beste 27 jarriko dituzte eta Antiguako tuneleko lanak bukatu ondoren, inguru horretan ere aparkaleku berriak jarriko dituzte, horrela 180 plazetara iritsiz. Aparkaleku bakoitzak bederatzi bizikleta uzteko lekua dauka.
Kursaaleko bidegorria
Zurriola hiribideko bidegorriaren behin-behineko desbideraketa arriskutsua dela salatu du Eguzki talde ekologistak. Zehazki, Zurriolako zubitik hiribidera dagoen sarrera seinalatu dute plataformako kideek. Ordea, Mugikortasun sailak dio aurretik Zinemaldian desbideraketa indarrean egon denean ez dela arrisku egoerarik sortu. «Hobekuntzak egingo ditugu segurtasun arazoak egoten badira».