Woody Allen bere Donostia irudikatzen hasi da
Asteartean aurkeztu zuen Woody Allen zinemagileak Donostian egiten ari den filma, eta herenegun hasi zen grabatzen. Abuztuaren 20ra arte egongo da hirian, eta eragozpenak sortuko dira espazio publikoan.
New Yorkekin egin zuen moduan, Donostia nola ikusten duen munduari erakutsi nahi diola esan zuen Woody Allen zinemagileak asteratean, Mediapro ekoiztetxearekin eman zuen prentsaurrekoan. Horretarako, abuztuaren 20ra arte hirian eta inguruko herrietan egongo da Allen, Zinemaldian girotutako bere film berria grabatzen. Jaume Roures ekoizleak prentsaurrekoan bertan azaldu zuen ez zutela donostiarren bizitza asko oztopatuko filmatze lanekin.
Hurrengo egunean, asteazkenean, hasi ziren filma grabatzen, eta goizetik aldaketak izan ziren Erdialdeko zirkulazioan. Izan ere, lehen ordutik, filmerako erabiltzen ari ziren karabana zuriak zeuden Bulebarrean, eta 13. autobus linearena izan ezik, gainontzeko linea guztien Bulebarreko geltokiak lekualdatu egin zituzten. Autobusetako erabiltzaile batzuk haserre agertu ziren aldaketarekin, eta autobusa hartzera zihoan emakume batek ekoizpeneko arduradun bati ozen esan zion ez zitzaiola bidezkoa iruditzen norengatik eta Allenengatik aldaketa horiek egitea.
IRUTXULOKO HITZAri ostalari batek esan zionez, Bulebar inguruko ezohiko mugimendu horregatik guztiagatik banatzaileek ez zuten batere goiz erraza izan. Gainera, ostalariak aurreikusten zuen Parte Zaharreko bizilagunak izango zirela eragozpen gehien izango zituztenak. Hala ere, goiza aurrera joan ahala, gero eta kazetari gehiago hurbildu ziren Woody Allenen lantaldea zebilen ingurura, baita ikusmina zuten herritar ugari ere.
Taxi geltokia ere Legazpi kalera eraman zuten arratsaldean, eta taxilari batek goizean aurreikusten zuen aldaketa hori “desastre bat” izango zela. Izan ere, arratsaldean egin zuten asteazkeneko filmaketa lanik mardulena, eta Bulebarra erabat itxi zuten 17:00etatik 20:00etara.
Jende andana elkartu zen Bulebarreko kiosko ingurura, grabaketa lanak ikustera. Filmeko langileek eta udaltzainek lanak izan zituzten ikusminez gerturatutakoak planoetatik kanpo uzteko.
Atzo ere Donostian grabatzen egon zen Allen, Miramar Jauregian, hain justu. Hori dela eta, eragozpenak egon ziren inguru horretan, eta donostiarrak ezin izan ziren parkera egun guztian sartu, 9:30etik 23:00etara itxita egon baitzen. Horretaz gain, filmaketako karabanen joan etorriak zirela eta, egunean zehar aldizkako trafiko mozketak egon ziren Antiguako tuneleko bi norabideetan.
Gaur ere aldaketak egongo dira hirian. Izan ere, Maria Kristina hotelaren inguruan grabatuko dute. 17:00etatik 21:00etara aldizkako trafiko mozketak egingo dituzte Kursaaleko zubian, Okendo kalean eta Argentinako Errepublikaren pasealekuan.
Woody Alleni boikota
Munduko hainbat herrialdetako eta bereziki Amerikako Estatu Batuetako mugimendu feministek Allen behin baino gehiagotan salatu dute azken urteetan. Izan ere, bere alaba Dylan Farrowk haurra zenean sexu gehiegikeriak egiten zizkiola salatu zuen. Hori dela eta, EH Bilduk salaketa horiekin bat egin zuen, eta udaletxean egin zioten harrerara ez joatea erabaki zuen. Horretaz gain, Eneko Goia alkateak zuzendariari “ezohiko tratua” ematen ari zela salatu zuen koalizio abertzaleak. Horren aurrean, EH Bilduren iritzia eta harrerara ez joateko aukera “errespetatzen” zuela esan zuen Goiak, baina ez zuela “partekatzen”.
EH Bildurena ez da izan Allenen kontrako ekintza bakarra. Izan ere, asteazkenean, estatubatuarra filma grabatzen hasi zenean, Parte Zaharreko Kanpandegi kaleko Kijera gaztetxetik Woody go home zioen pankarta bat zabaldu zuten. Mezu horrekin zinemagilea ez dutela hirian nahi argi utzi zuten gaztetxekoek. IRUTXULOKO HITZAk Parte Zaharreko auzo elkarteko eta Kijera gaztetxeko asanbladako kide batekin hitz egin zuen, eta filmak izan ditzakeen ondorioengatik kezkatuta daudela adierazi zuen. Azken urteetan hiria munduan saltzeko egin diren ekimenekin lotu zuen gaztetxeko kideak, 2016ko Europako Kultur-Hiriburutzarekin, besteak beste. Gainera, zinemak eta turismo masiboak duten lotura nabarmendu zuen, eta udalak filmari alfonbra gorria jartzen diola salatu zuen.
RIFKIN’S FESTIVAL
Komedia erromantiko bat da Woody Allen Donostian grabatzen ari den film berria. AEBetako bikote bat da protagonista, hirira Zinemaldia dela eta iristen dena. Filma “giza harremanen inguruko istorio pertsonal bat” dela esan zuen Allenek. Prentsaurrekoan azaldu zuenez, Rifkin’s Festival da filmaren behin behineko izena, baina seguru aski aldatu egingo dio.
Allenek berak Donostian izandako bizipenetan dago oinarrituta film berria, eta Sergi Lopez, Elena Anaya, Gina Gershon eta Wally Shawn aktoreek hartuko dute parte. Mediaprok ekoitziko du, eta Donostiako leku ezagunenetan grabatuko dute.