Metroko lanetan 19 orduko "lanaldi ankerrak" egiten ari direla salatu du ELAk
ELA sindikatuak lau salaketa jarri ditu Lan Ikuskaritzan metroaren igarobideko lanetan legez kontrako lanaldiak egiten ari direlako. Horrekin batera, langileak lan erritmo azkarregiak egiten ari direla diote eta baldintza prekarioetan.
“Donostiako hondartza ederren azpian badira zulo beltzak. Goian komedia barregarriak, eta behean drama izugarriak. Izan ere, film bat grabatzen ari dira Donostiako irudia mundu osora zabaltzeko, baina ez irudi osoa: 30 metrora, lur azpian, oso bestelako irudia aurki daiteke”, salatu du ELAk.
Mirakontxa-Easo tarteko ari diren langile gehienak “gutxienez” 12 orduko bi txandatan aritzen dira; astelehenetik ostiralera 7:00etatik 19:00etara eta 19:00etatik 7:00etara. Ostiraleko bigarren txandakoak, berriz, ostiraleko 19:00etatik larunbateko 14:00ak arte aritzen direla dio sindikatuak: “19 orduz gogor lan eginda”.
Aipaturiko langileek Madrilen egoitza duen Cavosa Obras y Proyectos S.A. enpresarentzat lan egiten dute. “Enpresak horrek ez du errespetatzen 1562/1995 EDaren 29. artikuluan ezarritakoa –’lanaldi bereziak’–, ezta ere Eraikuntzaren Gipuzkoako Hitzarmenaren 30. artikuluan ezarritakoa ere –’lan bereziki nekagarri toxiko edo arriskutsuak’–. Indarrean dauden lege xedapenak gordez gero, obrako langileek ez lukete gainditu behar sei orduko eguneroko lanaldia”.
Eusko Jaurlaritzak metroaren obrarekiko duen jarrera kritikatu du sindikatuak. “Horregatik, Lan Ikuskaritza premiatzen dugu arazo horretan esku hartzera, eta langileekin egiten ari diren gehiegikeria larri horiei irtenbidea ematea”.