Dbus-en 17 linean autobus elektriko adimendunaren sistema ezarriko du udalak
Donostiako Udalak autobus elektriko adimendunaren (BEA) sistema jarriko du Dbus-en 17 linean (Gros-Amara-Miramon). Proiektua legealdi honetan lizitatu eta abian jartzea du helburu udalak. Proiektuaren garapenerako eta ondorengo ezarpenerako lanen aurrekontua 40 milioi eurokoa izango da.
Hiriko hainbat lineatan mugikortasun elektrikoaren proiektuak garatu dituzte. Azterketak eta balorazio teknikoak egin dituzte. Esaterako, iaz lehen autobus artikulatu %100 elektrikoa ezarri zuen 28 linean (Amara-Ospitaleak). Sei hilabeteko zerbitzua eskaini zuen.
Dena dela, BEA sistema 17 linean ezarriko dute aproposena iruditu zaielako. Linea horrek Erdialdea eta Gros autobus geltokiarekin, eta Renfeko tren geltokiarekin lotzen ditu; baita ere Amararekin, Donostiako Ospitalearen gunearekin eta Miramongo parke teknologikoarekin ere. Linearen elektrifikazioa Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Aldundiak eta udalak sinatuko duten hitzarmenari esker egingo da.
17 lineak 12 metroko autobusekin ematen du zerbitzua. Linea elektrifikatu ondoren, haien ordez 18 metroko bederatzi autobus elektriko artikulatu izango ditu Dbus-ek. Edukiera handiagoa izango dute, eta askoz erosoagoak izango dira erabiltzaileentzat. Proiektua abian jartzeko beharrezkoa izango da 9 autobus elektriko artikulaturen erosketa lizitatzea. Horietako zazpik linean emango dute zerbitzua eta erreserban utziko dira.