Memoria konpartitu dute agur ekitaldi jendetsuan
Familia, lagunak eta herritar mordoa elkartu dira Egiako parkean Mariano Ferrer kazetariaren hileta zibilean.
Txiki geratu da Egiako parkean dagoen Mandasko Dukearen jauregiaren atzeko parkea. Ekitaldi xumea eta umila izan da; “horrelakoa izatea eskatu zidaten emazteak eta alabak, bera bezalakoa”, esan du Sabino Ormazabal lagunak. Pertsona ezagun asko izan dira agur ekitaldian.
Ormazabalek berak hartu du ekitaldiaren gidaritza, Esther alabarekin batera. El kiosko de la Rosi irratsaioaren sintoniarekin eta Ferrerrek esan ohi zuen “egun on/buenos dias” sentitu batekin hasi du ekitaldia Ormazabalek. “Memoria konpartitua dugu gaurkoa. Mariano Ferrer ez da hil, bizi izan da. Harekin bizitakoaz jardun behar da”. Horrela aritu dira prestatu duten talaiatik pasa diren gonbidatuak.
Lehenik, Jose Ignazio Ansorena txistulariak pieza bat eskaini du. Jarraian hartu du hitza Txema Auzmendi lankide ohi eta lagunak. “Sinesgarritasuna bere lanean. Hitz horrek bildu dezake bere lana kazetari gisara. Kazetari argia eta eredugarria izan zen. Bere gizatasuna ere azpimarratuko nuke”. Itziar Zamorak Xabier Leteren San Martin, azken larrosa kanta eskaini dio Ferrer zenari, eta parkean zeudenei.
Azkenik, Esther alabak hitz egin du bihotzetik. “Askok maisu hitza erabili duzue Marianoz hitz egiterakoan. Ez dut uste horrekin ados egongo zenik. Oraindik ere bere burua ikasletzat ikusten zuen”, adierazi du. “Maisuaz gain, bazegoen beste Mariano bat; laguna, alegia. Profesional gisara egindako ibilbideagatik jarri dizkiozuen ezaugarri guztiak motz geratzen dira azaltzeko zer nolako aita, bizitzako bidaide eta laguna izan zen”. Anekdota bat ere kontatu du. “Ospitalean zegoela ez zituen bere ohiturak albo batera utzi. Gosaldu ostean eta erreabilitazio saioaren aurretik, han dagoen dendara jaitsi eta banan-banan egunkari guztiak ikuskatzen zituen, nahiz eta azkenean bat erosi”. Esker oneko hitzekin bukatu du, eta “maite zaitut aita” esanez.
Txoria txori abestu dute parkean, eta Mariano Ferrerren despedidako esaldi batekin eman diote bukaera ekitaldiari: “Komikoek betidanik esan izan duten bezala, onek eta txarrek, ‘the show must go on!’ Bizitzak aurrera jarraitzen du!”.