Okendo kalea itxiko dute Woody Allenen filmaren grabazioarengatik
Datozen egunetan Maria Kristina hotelaren inguruan bere filma grabatzen ariko da Woody Allen zinemagile estatubatuarra. Zehazki, bihartik ostiralera bitarte. Hori dela eta, hainbat aldaketa eta mozketa egongo dira hainbat kaletan.
Bihar, 10:00etatik 17:00etara, Argentinako Errepublikaren pasealekuan aldizkako mozketak egongo dira trafikoan. Etzi, berriz, 9:00etatik 20:00etara, Okendo kalea guztiz itxiko da trafikoarentzat eta Argentinako Errepublikaren pasealekuan aldizkako mozketak egongo dira trafikoan.
Ordutegi horretan ere, Aldamar kaletik Erregina Erregeordearen kalerantz aldizkako mozketak egongo dira baina Bulebarrera arazorik gabe pasa ahal izango da. Era berean, 9:00etatik 20:00etara, Okendo kaleko autobus geltokiak kendu egingo dira. Ostiralean, 9:00etatik 20:00etara, Argentinako Errepublikaren pasealekuan aldizkako mozketak egongo dira trafikoan.
Egun horietan oinezkoek filmatzearen une jakinetan, ezin izango dute kale horietan ibili. Dena den, sartu ahal izango da bertan egongo diren teknikarien jarraibideei kasu eginez. Aldaketa horiek behar bezala adierazita egongo dira.