Aritz Moreno donostiarraren 'Ventajas de viajar en tren' filma Sitgesko jaialdiko sail ofizialean lehiatuko da
Aritz Moreno zinemagile donostiarraren lehen film luzea da Ventajas de viajar en tren (2019) filma, eta urriaren 3tik 13ra egingo duten Sitgesko (Katalunia) zinema jaialdiko sail ofizialean lehiatuko da. Jaialdian lehiatu ondoren, azaroaren 8an estreinatuko dute zinema aretoetan. Luis Tosar, Pilar Castro, Ernesto Alterio, Quim Gutierrez, Belen Cuesta, Macarena Garcia, Javier Godino eta Javier Botete aktoreek hartu dute parte filmean, eta Javier Gullonek idatzi du gidoia. Hona filmaren sinopsia:
Helga Patok bere senarra psikiatriko batean sartu berri du. Etxera itzultzeko trenean, ezezagun bat Angel Sanagustin gisa aurkezten zaio, pazienteen idatzien bitartez nortasun desorekak aztertzen dituen psikiatra bat. Gaixo paranoiko oso arriskutsu baten istorioa kontatzen dio Sanagustinek Patori, zaborrarekin obsesionatutakoa, besteak beste. Delirio zikin, baina liluragarri bat, obsesioz, perbersioz, sarkasmoz, dibertsioz, zentzugabekeriaz eta sofistikazioz beterikoa, eta horiek dira trenean bidaiatzearen abantaila batzuk.