Derbietan kanpoko zaleentzako sarrerak 25 eurokoak izatea adostu du Realak gainerako euskal klubekin
Alavesen, Athleticen, Eibarren, Osasunaren eta Realaren presidenteek hitzarmen bat sinatu dute euskal derbietan kanpoko zaleek beti sarrera prezio bera ordaindu dezaten. Hain zuzen, euskal kluben arteko giro ona sustatu eta zaleen desplazamendua errazte aldera eginiko akordioaren arabera, kanpotik etorritako zale euskaldunek 25 euro ordainduko dituzte partidak ikusteko.
Norgehiagoka bakoitzean salgai jarriko den sarrera kopurua, aldiz, futbol zelai bakoitzaren ezaugarrien araberakoa izango da. Jokin Aperribaik (Reala), Aitor Elizegik (Athletic), Alfonso Fernandez de Troconizek (Alaves), Amaia Gorostizak (Eibar) eta Luis Sabalzak (Osasuna) asteazkenean sinatu zuten akordioa, eta adostutakoari etorkizunean jarraipena emateko konpromisoa erakutsi zuten bostek.