Folklore beldurgarria Beldurrezko Zinemaren 30. Astean
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 30. Astean izango diren hiru ekitaldi aurkeztu dituzte. Urriaren 26tik azaroaren 1era izango da aurten beldurrezko zinemaren zaleak elkartzen dituen astea eta, besteak beste, folklore beldurgarriari buruzko ziklo bat eta bi sortzaile garrantzitsuri buruzko erakusketa bana ikusi ahal izango dira. Kartelean zaleak eta Astearen gune nagusi den Antzoki Zaharra omendu nahi izan dituzte.
Folklore beldurgarria – Folk Horror atzera begirako zikloan I Walked with a Zombie (1943), The Wicker Man (1973) eta The Last Wave (1977) ikonikoak emango dituzte, baita hain ezagunak ez diren beste film batzuk ere. Kultura ezberdinetako antzinako folklorearen ondarean oinarritutako filmei egiten die erreferentzia folklore beldurgarria esamoldeak. Horren adibide litzateke Errementari (2017) filma.
Zikloarekin batera Jesus Palacios kritikariak koordinatutako Folk Horror: Lo ancestral en el cine fantástico (Folklore beldurgarria: antzinakoa fantasiazko zineman) liburua argitaratuko dute, Hermenaute argitaletxearekin lankidetzan.
Bestalde, urriaren 26tik aurrera bi erakusketa egongo dira ikusgai. Paul Naschy – Autobiografia bat iruditan erakusketan Europako fantasiazko zinemaren historiako pertsona garrantzitsuenetako baten ibilbidea omenduko dute. Horretarako Paul Naschyren (Jacinto Molina Alvarez, 1934-2009) artxibo pertsonala eta sekula erakutsi gabeko materialak egongo dira ikusgai. Okendo Kultur Etxean bisitatu ahal izango da erakusketa, abenduaren 14a arte.
Creators of Legends – HR Gigerri omenaldia erakusketan, aldiz, Alien (1979) filmeko diseinuengatik ezaguna den HR Giger margolari eta diseinatzaile suitzarraren lanetan oinarrituta mundu osoko artistek egindako obrak ikusi ahal izango dira. Nazioarteko erakusketa ibiltari hau San Jeronimoko Udal Liburutegiko Ekitaldi Aretoan egongo da ikusgai azaroaren 10a arte