Ibilgailu elektrikoak kargatzeko bost estazio berri jarriko ditu udalak
Hirian ibilgailu elektrikoak kargatzeko bost estazio berri jartzeko hitzarmena sinatu dute Iberdrola enpresak eta Donostiako Udalak, mugikortasun jasangarria sustatzeko bidean. Horietako bi, Federico Garcia Lorca pasealekuan eta Igarako aparkaleku publikoan jarriko dituztenak, karga azkarrekoak izango dira, hau da, 50 kilobatiokoak. Gainontzeko hiruak, aldiz, lurpeko aparkalekuetan jarriko dituzte. Doan erabili ahal izango dira bost estazioak urtebetez.
Eneko Goia alkateak azaldu duenez, udalak mugikortasun jasangarria sustatzeko eta emisio kutsagarriak murrizteko bide orria “argi” dauka, eta horrelako egitasmoen bitartez “sare bat finkatuko da, ibilgailu elektrikoek hirian indarra hartzeko baldintzak sortuko dituena”.