Zortzi talde eta zortzi DJ arituko dira Glad Is The Day jaialdian
Abuztuaren 4an izango da aurtengo Glad Is The Day jaialdia Egiako parkean, eta egun guztian zehar egongo dira kontzertuak; 12:00etatik 21:00etara. Gainera, eguna luzatu nahi dutenek, Le Bukowski eta Dabadaba aretoetan festa jarraitzeko aukera izango dute. Zortzi talde eta beste horrenbeste DJ arituko dira parkeko bi agertokietan: belardikoan eta atzeko gaztelu zaharrekoan, hain zuzen.
Susmara, Bloody Magic Nails, The Lookers, Potato, Mice, Grande Days, Los Estanques eta The Limboos izango dira joko duten taldeak, eta ordena horretan joko dute 12:00etatik aurrera. Ordutegi eta ordena berean arituko dira musika jartzen Bellaca B2B Joven Mata, Le Parody, Brava, La Dani, Skyhxxk, Chico Blanco, Alvva eta Merca Bae DJ-ak. Donostia Kulturako Jon Aizpuruak azaldu duenez, musika programazioaz gain, janari postuak eta haurrentzako jolas eta ikastaroak ere egongo dira, familiak eguna pasatzera erakarri nahi baitituzte. Bestalde, iazko moduan, 70 postu inguru izango dituen azoka bat jarriko dute aurten ere, non artisautza produktuak, arropa eta bigarren eskuko gauzak salduko dituzten.
Dabadabako Alex Lopezek eta Le Bukowskiko Josu Urbietak “egitarau oso txukuna eta zabala” prestatu dutela nabarmendu dute, Potato eta The Limboos taldeak azpimarratuz. Izan ere, Lopezek azaldu duenez, Gasteizko ska eta reggae talde “historiko” bat da Potato, eta The Limboos taldeak mundu guztia rock & roll eta rhythm & blues erritmora dantzatzera animatzen dute Dabadaban jotzen dutenean, eta parkean “3.000 edo 4.000 pertsona” dantzan jarriko ditu. Bestalde, Kutxa Kultur eta Musikagela programetatik datozen taldeak ere aipatu dituzte, hala nola, Susmara eta Bloody Magic Nails. Azkenik, nabarmendu dute Madrilgo Los Estanques pop-rock psikodeliko taldea Donostian estreinakoz ikusi ahal izango dela abuztuaren 4ean.
DJ-en programazioari erreparatuta, tendentzietan dauden musikak izango dira nagusi, hala nola, musika elektronikoa eta trap musika. Lopezen eta Urbietaren arabera, Merca Bae DJ-a da soinu “freskoena” dakarrena, eta Dabadaban eta hiriko beste agertoki batzuetan ohikoak diren Brava eta Joven Mata DJ-ak nabarmendu dituzte, besteak beste. Eguraldiaren arabera jende gehiago edo gutxiago joango dela aurreikusten dute, baina azken urteetako arrakasta ikusita, 2.000 edo 3.000 pertsona inguru espero dituztela adierazi du Aizpuruak.