Beti prest agertu den aho bizia
Mariano Ferrer kazetari donostiarra hilaren 14an zendu zen, 79 urte zituela. Egiako parkean ekitaldi zibila egin zuten asteartean, eta ehunka lagun elkartu ziren.
Ahotsa zuen bereizgarri, eta pertsona gisara zituen beste hainbat ezaugarri. Hilaren 14an hil zenetik, asko idatzi da Mariano Ferrer kazetari donostiarraren inguruan. Dena dela, irrati uhinen bidez hedatu zuen haren ahotsa da askoren oroimenean iraungo duena. Familia, lagunak eta herritar mordoa elkartu ziren asteartean, Egiako parkean eskaini zioten agur zibilean. Eta han ere entzun ahal izan zen bere ahotsa.
80ko hamarkadan Herri Irratian gidatu zuen El kiosko de la Rosi aktualitate programari esker egin zen ezaguna –1982tik 2004ra egin zuen saioa–. Aurretik, Egin egunkariko sortzaileetakoa eta lehen zuzendaria izan zen. Nolanahi ere, kazetaritza alorrera ez zuen mugatu bere ibilbidea. Adierazpen askatasunaren, giza eskubideen eta konprometitzen zen ororen alde aritu zen. Euskarari ere tarte berezitua eskaini zion erretiroa hartu zuenetik. Iazko Euskaraldian parte hartu zuen belarriprest gisara, aho bizia bazuen ere.
Hitz onak eskaini dizkiote gertutik ezagutu zutenek, eta horren hurbiletik ez bazen ere berarekin harremanetan jarri zirenek. Mikel Iturria blogariak Ferrer erretiratu eta gutxira estreinatu zuen bloga. «2004ko uztailaren 14an abiatu nuen Harrikadak bloga, eta justu egun batzuk lehenago hartu zuen erretiroa Marianok. Asko estimatzen nuen haren iritzia. Kasualitatea izan da hamabost urte beranduago, egun berean, hil dela Mariano».
Ez zuen harreman esturik izan berarekin, baina bai puntualki. 2001ean ezagutu zuen Ferrer, Javier Ortiz kazetariaren liburu baten aurkezpenean. Ferrer bera izan zen aurkezlea. «Pertsona jakintsua zen, eta hori ez da ohikoa ez kazetarien artean, ezta gizartean ere. Jakintsua izanik ere umila zen, eta errespetuz hitz egiten zuen mikrofonotik», dio Iturriak. Institutura joan aurretik entzuten zuen haren irratsaioa. Gero unibertsitatera joan aurretik. «Marianok gainerakoek ematen ez zuten ikuspuntu bat landu eta eskaintzen zuen. Desberdina zen, freskoa».
Jesusen Konpainia
Apaizgaitegian ikasi zuen Ferrerrek, eta Jesusen Konpainian sartu zen. AEBetan teologia ikasketak egin ostean itzuli zen Donostiara, eta Herri Irratiko zuzendariordea izan zen 1971tik 1977ra. Orduan ezagutu zuen Txema Auzmendi jesuita eta kazetaria. «Hamabost urte inguru konpartitu nituen berarekin irratian. Gainera, uda batean bere saioan laguntzaile aritu nintzen. Nik ez nuen esperientziarik, eta asko lagundu zidan. Ikasle gisa hartu ninduen, eta ez zen nire gainetik jartzen aginduak emateko».
Herri Irratiarentzat El kiosko de la Rosi oso garrantzitsua izan zela nabarmendu du Auzmendik: «Erreferentzia bihurtu zen guretzat, alor sozio-politikoan. Harremanak eta kontaktuak egiten zituen, eta pertsona garrantzitsuei elkarrizketa aberatsak egiteko abilezia zuen. Elkarrizketatzeko pertsona zailekin ondo moldatzen zen. Horretarako gaitasuna zuen».
Ferrer eredutzat du Auzmendik, eta betidanik «oso ausarta» izan dela dio. «Konpromisoak hartzerakoan ez zuen zalantzarik edo aitzakiarik izaten. Proposatzen ziotena ontzat jotzen bazuen, aurrera jotzen zuen ondorio guztiekin. Esango zutenari ez zion inolako beldurrik. Gizarteari begira iruditzen zait Mariano oso zintzoa izan dela». Betidanik egiaren bila ibili zela gaineratu du. «Egiaren alde jokatzeko apustua egin zuen, eta jarrera honek libre egin zuen, egiak beti dakartzan buruhausteekin noski. Noizbait bere egin zuen giza portaera hau: ‘Egiak libre egingo zaituzte’».
Harreman estua izan zuen Auzmendik Ferrerrekin, eta batez ere, haren izaera «maitagarria» azpimarratu du. «Gertukoa zen, irekia eta giza balio handikoa. Bestea ulertzen saiatzen zen, eta ez zuen borroka bilatzen. Nik hori eskertzen dut, berari esker ikasi dudalako posible dela bide horretatik aurrera egitea». Orain dela hilabete batzuk Auzmendik eta Ferrerrek paseo luze bat eman zuten Donostian. «Kontxatik gindoazela hizketaldi luzea izan genuen, mundua konpondu nahian».
Komunikazioaren hizkuntza
Ferrerrek gizarte zientzien alorreko lau karrera egin zituen bere bizitzan: Filosofia eta Letrak, Kazetaritza, Teologia eta Zuzenbidea. Horiekin batera, Informazio Zientzietako masterra egin zuen New Yorken (AEB). Urtetan hainbat ikasketa burutu ondoren, irakasle gisa ere aritu zen Deustuko Unibertsitatean, 1999tik 2004a bitarte. El lenguaje en la comunicacion ikasgaia eskaini zuen, eta ikasleen artean harrera ona izan zuela uste du Elixabete Perez Deustuko irakasleak. «Ikasleek estimatzen zuten, beste ikuspegi bat ematen zielako. Irakaslearena eta eskarmentu handiko profesionalarena. Sekulako jarioa zuen eta erretorika aparta».
Jesusen Lagundiarekin zuen loturari esker iritsi zen Ferrer Deustuko Unibertsitatera. «Giza zientzien fakultatean planteamendu eta lizentziatura berri bat pentsatzen ari ginen, komunikazioarekin lotura zuena. Hainbat adituren aholkuak jaso genituen, eta tartean zegoen Ferrer. Eskolak ematen hasi aurretik ere hor izan genuen, lizentziatura osatzen», azaldu du Perezek.
Bost ikasturtetan eskaini zuen ikasgaiarekin «aztertzeko gaitasuna eta pentsamendu kritikoa», batez ere, transmititzen ahalegindu zen. «Bere bi zutabe nagusiak horiek ziren. Eta jakina komunikazioaren mundua; irratia eta prentsa. Hori zen bere bizitza, eta hizkuntzak komunikazioan zuen garrantzia erakusteko helburua zuen».
Irakasle eta lankide gisa zuen jarrera gogoratu du Perezek: «Saileko bileretan ez zuen aurkakotasunik bilatzen. Beste hainbat alorretan erakutsi du hori. Zubigile lana egiten zuen unibertsitatean ere, mundu profesional eta akademikoaren artean. Bestalde, oso langilea zen eta beti zegoen laguntzeko prest». Klaseak gaztelaniaz ematen zituen arren, beti euskararen aldeko jarrera zuela nabarmendu du Perezek. «Gure arteko harremana euskaraz egiten genuen eta ondo moldatzen zen».
‘Dena ETA da’
1998an Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak Euskal Herriko hainbat erakunde eta hedabideren aurkako auzibidea abiatu zuen. Zehazki, 18/98+ izenez da ezaguna aipaturiko makrosumarioa. Dena ETA da ideiaren auzi aipagarriena da, eta epaitutako gehienek zigor gogorrak jaso zituzten. Horri aurre egiteko, 18/98+ plataforma osatu zuten, eta Mariano Ferrer izan zen bozeramailea 2003tik 2007ra.
Susana Martinez soziologoa arduratu zen plataforma koordinatzeaz Joxemi Zumalabe fundaziotik. «Deitu genion garbi genuelako pertsona aproposa zela pertsona desberdinak kohesionatzeko. Desberdinen arteko elkarlana zen talde lan jakin bati begira: pertsona hauen eskubide politiko eta zibilen aldarrikapena. Hasieratik inplikatu zen eta maila oso sakonean».
Gertuko harremana izan zuen Martinezek Ferrerrekin. «Momentu hartan asko eskertu nuen bere jarrera. Gogoan dut izan genuen elkarrizketa bat, asko ikasi nuelako. Mundu honetan eta kultura politikoan hiru gauzetan trebatu behar ginela zioen. Lehenik, entzuteko gaitasuna, epaitu gabe. Bigarrenik, bestearekin ados egon ez arren bere emozioa ulertzea eta kokatzea. Eta hirugarrenik, bestearen egoeraren zati bat arrazoira ekarrita zurea eskaintzea. Hau da, besteari zerbait eskainita irekiko duela bere atea».
Gaitasun asko aitortzen dizkio Martinezek. «Entzuteko gaitasun handia zuen, iritziak gehiegi ez epaitzeko eta kokatzeko. Iritzi hainbatekin ongi zekien aurrerapausoak zein norabidetan eta zein elementurekin egin behar ziren». Mugak hausteko zuen izaera ere azpimarratu du. «Bere irudiak muga asko gainditzen zituen. Pertsonengana iristeko aproposa zen. Askoz errazago irekitzen zituen unibertsitateko irakasleen ateak eta politikari hainbaten bulegoak, besteak beste».
Euskararen erronka
Pasa den urtean Euskaraldian parte hartu zuen Ferrerrek. «Donostiako Hamaikakoa osatzeko ahobiziak eta belarriprestak behar genituen. Zerrenda bat egin genuen, eta bere izena atera zen. Proposamena egin genion eta berehala eman zuen baiezkoa», adierazi du Idoia Trenorrek, Euskaraldiaren koordinatzaile izandakoak. Belarriprest izateko gogotsu agertu zen. «Aitortu zuen euskararekin nahi eta ezin bat zuela, eta Euskaraldia aproposa iruditu zitzaion zuen erronka pertsonalari eusteko».
2004an erretiratu zenetik euskarari tarte nabarmena eskaini zion Ferrerrek. «Berak aspaldi egin zuen euskaraz ikasteko ahalegina. Barnetegi batean ere egon zen. Bizitzak, ordea, bere lehentasunak eta ezintasunak ditu, eta erretiratu zenean heldu zion euskara hobetzeko ahaleginari», azpimarratu du Trenorrek. «Gainera, esan zidanaren arabera, egunero hiru edo lau ordu eskaintzen zizkion euskarari».
Euskara betidanik ulertu izan du Ferrerrek eta Euskaraldiarekin hori azaleratu nahi izan zuela uste du Trenorrek. «Askotan esaten zuen: ‘nik ulertzen dut, egidazu euskaraz’. Bere ahotsari esker izan da ezaguna, eta gaztelaniarekin lotu izan dugu beti. Horregatik, arraroa egin zitzaidan berari euskaraz hitz egitea, baina hori da berak nahi zuena».
Euskaraldiaren harira, Irutxuloko Hitzak Ferrer elkarrizketatu zuen pasa den urteko azaroan. «40 urte daramatzat euskara ikasten, ez dut brometan esaten. Euskara ikasten eman ditudan orduak esateko gai izango banintz, lotsa emango lidake», adierazi zuen. «Faltatu zaidana, nahiz eta gaizki hitz egin, hitz egiteko esfortzua egiteko barrera haustea izan da. Lortu dudana, ordea, euskara batua arazorik gabe ulertzea da», adierazi zuen. Aspaldiko erronkari ondo eutsi zion eta haren ahotsa euskaraz entzun ahal izan genuen. Horrek ere iraungo du oroimenean.