Elkarretaratzea egin dute Anoetako lan-istripua salatzeko
Asteazkenean jazotako lan-istripuaren harira Gipuzkoako azpiegitura handietako segurtasun eza salatu dute hainbat sindikatuk. Anoetako Aldi Baterako Laneko Enpresak eta azpikontratak interpelatu dituzte ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRUk deitutako elkarretaratzean. Langileen lan baldintzak bermatzea eta Gipuzkoako Eraikuntzako hitzarmena behingoz betetzea eskatu dute sindikatuek.
ELA sindikatuak gogorarazi duenez, “Gipuzkoan azpiegitura handietako inbertsio publikoa lehenesten da bertako eraikuntza, gestio eta mantenuan aritzen diren langileen lan baldintzen kaltean, pribatizazio, externalizazio eta azpikontratazioaren bitartez prekaritatera kondenatuz”.
Ekainean, Anoetako obretan erregistratutako “gehiegikeriak, iruzurrak eta faltsifikazioak” azaleratzeko agerraldi bat egin zuen ELAk, eta estadioaren birmoldaketa lanetan parte hartu duten hemezortzi enpresa salatu dituela jakinarazi zuen. Horrez gain, obra hasi zenetik 4,5 miloi euroko soldata zorra, 200 langileren dokumentazioaren faltsifikazioa eta 250.000 euroko isunak frogatu dituela azaldu du sindikatuak.