'La hija de un ladron', 'La trinchera infinita' eta 'Mientras dure la guerra' filmak lehiatuko dira Zinemaldiko Urrezko Maskorrarengatik
Irailaren 20tik 28ra egingo dute 67. Donostiako Zinemaldia, eta La hija de un ladron (Belen Funes, 2019), La trinchera infinita (Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, 2019) eta Mientras dure la guerra (Alejandro Amenabar, 2019) filmak izango dira Espainiako Estatuan ekoitzitako Urrezko Maskorrean lehiatuko diren filmak. Horietaz gain, Daniel Sanchez Arevaloren Diecisiete filma lehiaketaz kanpo aurkeztuko dute sail berean, eta Sebastian Borenszteinen La odisea de los giles filma emanaldi berezi batean proiektatuko dute.
Belen Fuentesen lehen lan luzea da La hija de un ladron, eta Sara da filmeko pertsonaia nagusia. Dituen 22 urteak bakarrik eman ondoren, bere aita kartzelatik aterako da, eta berarengandik aldentzeko erabakia hartuko du. Arregi, Garaño eta Goenagaren filma 1936ko Gerran dago girotuta, eta senar-emazte batzuen bizipenak ditu ardatz. Amenabarren filma ere 1936ko Gerran dago kokatuta, baina Miguel de Unamonuno idazlearen inguruko gertakarien inguruan biratzen du istorioak.
Beste sail batzuk
New Directors sailean, bi zinemagileren lehen lan luzeak lehiatuko dira: Lucia Alemany valentziarraren La inocencia eta Maider Fernandez donostiarraren Las letras de Jordi filmak, hain zuzen. Horiekin batera, Zabaltegi-Tabakalera saileko filmak ere jakinarazi ditu Zinemaldiak, eta El fiscal, la presidenta y el espia (Justin Webster), Urpean lurra (Maddi Barber), Leyenda dorada (Chema Garcia eta Ion de Sosa) eta Lursaguak / Escenas de vida (Izibene Oñederra) izango dira. Azkenik, Perlak sailean Oliver Laxeren O que arde / Fire Will Come filma ikusi ahal izango da.
Bestalde, Leticia Doleraren Vida perfecta telesail osoa estreinatuko dute Belodromoan, Victor Monigoteren La gallina Turuleca animaziozko filmaren proiekzioarekin batera. RTVE galako emanaldia zein izango den ere aditzera eman du Zinemaldiak, eta Paco Cabezasen Adios filma proiektatuko dute.