Lehiak deituta
Jendetza gerturatzen da urtero Kontxako estropadak ikustera. Uretako lehiak deitutako zalez betetzen dira Urgull magaleko begiratokiak, baina, batez ere, kolorez betetzen da kaialdea egun.
Gaineko argazkia 1919koa da. Baporeak arraunlariak ordezkatzen ari ziren garai hartan. Hala eta guztiz ere, arrantzaleak ziren tostarteko gizonak (2008an antolatu zen lehen aldiz Emakumezkoen Kontxako Bandera) eta arrantza sasoiaren arabera aurkezten ziren estropadetara. Donostian lehenago estropadak antolatu baziren ere, Isabel II.a erreginaren omenez, batez ere, 1879an jokatu ziren lehen aldiz Kontxako estropadak, udako jaien egitarauaren baitan.
140 urteko epean denetarik jazo da, baina hasieratik izan dira nabarmenak estropadekiko ikusmina eta probek jendea erakartzeko duten ahalmena.
Estropada ikustera zetozenekek itsasertza betetzen zuten urtero, probak atzeratzen zirenean Donostiaraino bi eta hirutan gerturatuz batzuetan.
Garai batean kostaldeko herrietatik gerturatzeko modurik errazena itsasoz izan ohi zen eta hala egiten zuten arraunlariek. Zaleek trena erabiltzen zuten, besteak beste. Kostaldeko herrien arteko lehiak, desafioek eta apustuek deituta biltzen zen jendea.
1919ko estropadak irailaren 7an eta 14an jokatu ziren, lehen eta bigarren igandean. Lehen txandan Orio, Donostia eta San Pedro lehiatu ziren. Hankako donostiarrari arrauna hautsi eta, ordezkorik ez zeramatenez, uretara salto egin behar izan zuen. Azken postuan amaitu zuen traineru donostiarrak. Ohorezko txandan Oriok irabazi zuen berriz ere. Manuel Olaizola Orioko patroiaren azken bandera izan zen.
Gauza ugari aldatu dira ordutik arraunari eta estropadei dagokienean, baina zaletasunak beti bezain bizirik dirau.