'Lasterbidol' da auto pilaketak saihesteko udalaren erremedioa
Donostiako Udalak Lasterbidol izeneko kanpaina aurkeztu du, udan hiriko kaleetan autoek sor ditzaketen auto pilaketak saihesteko. Umore kutsua eman nahi izan diote, eta horretarako sei erremedio proposatu dituzte “udan sortzen den ohiko gaixotasunarentzat”.
Kanpainak hiritarrak sentsibilizatzea du helburu ibilgailu pribatuaren alternatibak erabil ditzaten. “Autoen erabilera gutxitzea da xedea, batez ere, hiriaren erdialdean eta horrela, guztion mugikortasuna erraztuz. Lasterbidolek arazoari konponbide bat eman nahi dio donostiarrekin elkarlanean”, azaldu du Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak.
Erremedioen artean, oinez ibiltzea eta garraio publikoa erabiltzea daude. Jarraibide hauekin, pilaketak saihesteaz gain, Donostia beste modu batean gozatzeko eta sentitzeko aukera eskaintzen da; bai oinez, bai bizikletaz, bai trenez eta baita autobusez ere. Horrela, autoak dakartzan buruhauste eta arazo guztietaz ahaztu ahal izango dira gidariak eta baita oinezkoak ere.
Farmazia bat jarri dute Bretxako azokaren plazan kanpainaren berri emateko. Aste osoan zehar 8.000 prospektu banatuko dituzte sei erremediorekin nahi duen edonorentzat. Gainera, komunikabideetan ere, botika berri honen berri emango da hedabideetan eta sare sozialetan iragarki desberdinen bitartez.