'Ez gara figuranteak!' lelopean protesta egin dute ehun bat lagunek Kontxako erlojuetan
Donostiako hainbat eragilek arratsalderako iragarritako protesta mantendu dute, Woody Allen zinemagile estatubatuarraren filmaren kontra egiteko.
Woody Allenek goizean hasi eta bukatu du Kontxako filmaketa. Horrela ere, Donostiako hainbat eragilek arratsalderako iragarritako protesta mantendu dute, zinemagile estatubatuarraren filmaren kontra egiteko. Ez da elkarretaratze zaratatsua izan, baina Ez gara figuranteak! lelopean hainbat mezu oihukatu dituzte. Esaterako, “Woody Allen kanpora!”.
Protesta antolatu duten eragileak dira Bizilagunekin plataforma, Ernai gazte antolakundea, Hotel+ez mugimendua, Groseko Asanblada Feminista, Medeak, Donostiako Bilgune Feminista eta Garaipen. Hilaren 19an plazaratu zuten oharrean mobilizatzeko arrazoiak azaldu zituzten. Besteak beste, Donostiako agintari publikoek hiriaren turistifikazio prozesu “azkar eta bortitza” daramatela salatu dute, eta Allenen filmaren grabaketak “epe labur eta ertainera bertako bizilagunen bizi-baldintzetan kalteak sortzeko moduko turismoaren hazkundea” eragin dezakeela gaineratuz. Horrekin batera, zinemagileari egin zitzaion harrera ofiziala ere kritikatu dute, haren aurkako sexu abusu salaketak gogora ekarriz.