Giro Rosako irabazlea eta Tourreko egungo liderra Klasikoan izango dira
Abuztuaren 3an izango da Donostiako Klasikoa, eta gaur egin dute lasterketaren aurkezpen ofiziala udaletxean. Aurtengo berrikuntza nagusia I. Emakumeen Donostiako Klasikoa da, eta Annemiek Van Vleuten (Michelton) Giro Rosako txapeldunak parte hartuko duela baieztatu du Leire Olaberria emakumeen probako zuzendariak. Guztira emakumezkoen 18 talde izango dira irteeran.
Gizonezkoen 39. Donostiako Klasikoa, berriz, ziklista ezagun hainbatek lehiatuko dutela esan dute antolatzaileek. Horien artean dago Julian Alaphilippe (Deceuninck), egungo Frantziako Tourreko liderra. Aurrez izen emandakoen artean dago frantziarra, eta ondo bidean, Donostian izango dela adierazi dute aurkezpenean. Parte hartuko duten beste zenbait txirrindulari izango dira Simon eta Adam Yates anaiak (Michelton), Gorka eta Ion Izagirre anaiak (Astana), Mikel Landa eta Alejandro Valverde (Movistar), Tony Gallopin (AG2R), Egan Bernal (Team Ineos), Dylan Theuns (Bahrein) eta Bauke Mollema (Trek). Guztira gizonezkoen 40 taldek parte hartuko dute.
Sari parekidea
Ekainean aurreratu zuten bezala gizonezkoen eta emakumezkoen probetan diru sari berdinak banatuko dituzte. Horrekin batera, ETBk bi lasterketak eskainiko ditu zuzenean, bai emakumeena eta bai gizonena.
Emakumeen Donostiako Klasikoak 127,1 kilometro izango ditu; lau mendate –Jaizkibel, Arkale, Mendizorrotz eta Murgil– eta bi esprint puntuagarri. Bestalde, proba 10:00etan abiatuko da Bulebarretik eta 13:30 inguruan helmugara iritsiko direla aurreikusten dute.
Gizonezkoen lasterketak, aldiz, 227,7 kilometro izango ditu, eta guztira zazpi mendate gaindituko dituzte. Dena dela, ibilbideak hainbat berritasun izango ditu. Lehen erdia berdina izango da –Meaga, Iturburu, Alkiza eta Jaizkibel igoko dituzte–. Bigarren erdia, ordea, desberdina izango da iazkoaren alderatuta. Arkale, Jaizkibel eta Arkale igo ordez, Erlaitz eta Mendizorrotz gainditu beharko dituzte. Murgil bidetik igoko dute bigarren gaina, eta Murgil tontorra izango da azken mendatea. 11:30ean abiatuko da lasterketa Bulebarretik eta 17:30 inguruan iritsiko dira Bulebarreko helmugara.