Zerga arauak %1,5 batez beste igo nahi ditu udal gobernuak
Udalak 2,5 milioi euro gehiago jasotzea aurreikusten du aurkezturiko proposamenarekin. Diru hori donostiarren bizi-kalitatea hobetzeko baliatuko dutela azpimarratu du Eneko Goia alkateak.
Datorren urterako zerga arauen proposamena onartu du Donostiako Udal Gobernuak. Hiritarrei ezartzen zaien presio fiskala batez beste %1,5 handitzea erabaki dute. Aldiz, industria eta merkataritza jarduerei %2,28 batez beste igotzea proposatu dute. Zerga arau berriekin udalak 2,5 milioi euro gehiago jasoko lituzke.
Eneko Goia alkateak eskaini ditu udal gobernuaren proposamenaren xehetasunak. “Igoerak bat egiten du 2019rako aurreikusita dagoen KPIarekin (%1,5), eta aurreikusitako BPG (%2,3) baino txikiagoa da”. Donostiarren bizi-kalitatea hobetzeko inbertsioak egiten jarraitzeko balio izango duela gaineratu du.
Tasei dagokienez, hainbat igoera aurreikusten ditu udal gobernuak. Esaterako, zaborren tasa %4,5 igotzea proposatu dute, eta zabor asko sortzen duten jarduerei %10. Helburua da zerbitzuak duen 3,6 milioi euroko defizita gutxitzen jarraitzea. Bestalde, saneamenduaren gaineko tasa batez beste %2,5 handituko da. Zerbitzu honek ere 2,8 milioi euroko defizita dauka. Uraren tasa, berriz, ez dute igoko.
Bide publikoaren okupazioa ere garestitzea proposatu dute. Horrela, terrazak jartzeko prezioa %3 handituko da. Dena dela, erakustokiek okupatzen duten azaleraren eta gunearen araberako tasa da ordaindu beharko dutena. Gainerako tasak, hau da, toldoak, ibiak, garabia eta TAO %1,5 handituko dira, batez besteko handitzearekin bat eginez.
Udalaren zergai hainbatek ere igoera izango dute. IBI delakoa %1,5 handituko da, eta batez beste etxebizitza bakoitzeko 273,28 euro ordaindu beharko dira. “Donostia IBI gutxien ordaintzen duten estatuko hamar hiriburuen artean dago”, azaldu du Goiak. Berrikuntza gisara, etxebizitza hutsek IBI zergaren errekargua %25 izatetik %35 izatera pasako da. Halere, iaz zerga honi ezarritako salbuespenak eta hobariak mantenduko ditu udalak.
Ibilgailuen gaineko zerga ere %1,5 igoko da ibilgailu arruntentzat, eta %3 ekonomia jarduera dutenentzat. Era berean, 30 urte baino gehiago duten ibilgailuak historikoak izatera pasako dira, eta ez dute zerga hau ordaindu beharko.
Tokiko Gobernu Batzordeak udal gobernuaren proposamena onartu du, eta udal taldeei aurkeztuko diete. Gerora, hamar egun izango dituzte zuzenketak eta proposamenak egiteko. Irailaren lehen astean jardunaldi publikoa egingo dute hiritarrei proposamena aurkezteko. Ondoren, irailaren 10erako aurreikusita dagoen Ogasun batzordean zerga arauen proposamena eztabaidatu eta onartuko dira. Azkenik, irailaren azken asteko udalbatzarrean proposamenari hasierako onarpena emango diote, eta beharko balitz, behin betiko onarpena abenduko udalbatzarrean emango diote.