Dagoeneko izena eman daiteke Euskal Jaietako Dantza Sueltoko Txapelketan
Abuztuaren 20ko 13:30ak arte egongo da zabalik Donostiako Dantza Sueltoko Txapelketan izena emateko epea. Ohi bezala Donostia Festakek antolatu du txapelketa, Euskal Dantzarien Biltzarraren laguntzarekin, Euskal Jaietako egitarauaren baitan. Irailaren 1ean izango da, 18:00etan, Konstituzio plazan.
Parte hartu nahi duten bikoteek formulario hau bete behar dute epea amaitu baino lehen. Oinarriak ere irakur daitezke esteka honetan.
Zozketa egin ondoren bikote bakoitzarentzat Fandango bat eta Arin-arin bat joko da txistuaz eta trikitiaz. Puntuatuko diren beste bi froga ere pasa beharko dira: “besoak dantzan” (Fandangoko 2 pauso) eta “txapela gainean” (Arin-arineko 2 pauso).
Pertsona guztiek har dezakete parte txapelketan, partaideetako batek, gutxienez, 16 urte bete baldin baditu. Epaimahaia dantza sueltoan aditu diren pertsonek osatuko dute eta irizpide hauen arabera balioetsiko dituzte dantzak: pausoak, goiko aldea eta mugimendua, alderdi artistikoa eta melodia eta erritmoa.
Hainbat sari emango dituzte. Lehen saria: Txapela, lepo zapia, trofeoa eta 400€; bigarrena: Trofeoa eta 325€; hirugarrena: Trofeoa eta 275€; laugarrena: 225€; bosgarrena: 200€; seigarrena: 175€; zazpigarrena: 150€; eta zortzigarrena: 125€.
Era berean, bikote donostiarrentzako hiru sari egongo dira, 200, 165 eta 100 euroko bana. Sailkatu ez den bikote bakoitzari 100 euro emango zaizkio halaber.
Lehiaketa egiteko gutxienez sei bikotek parte hartu behar dutela zehaztu dute.