Urumea bideratzeko lanen bigarren fasea astelehenean hasiko da
Urumearen ur-goraldiei aurre egiteko lanen bigarren faseari buruzko bilera informatiboa egin zuten asteartean, Martuteneko Gaztelekuan. Donostiako Udaleko eta Uraren Euskal Agentziako ordezkariek lanen plangintzaren berri eman zieten auzotarrei.
Hilaren 29an hasiko dira bigarren faseko lanak. Sarrueta pasealekua itxiko dute, eta 27 poligonoaren aldetik hasiko dira eremua prestatzen ibaia bideratzeko. Hainbat herritarrek kezka agertu zuten horrek eragin ditzakeen oztopoengatik. Dena dela, Ainhoa tabernara doan bidea eta Antondegiko errepidea oztopatuko ez dutela adierazi zuten udaleko teknikariek.
Sarrueta pasealekuaren alboan dagoen mendi magala leuntzeko asmoa dute, eta horretarako magala bera egonkortuko dute harri solteak erori ez daitezen. Bigarren faseko lanetan aurreikusita dago ibaia bideratzeko egonkortzea zonaldea, eta ondoren, errepide bat eta bidegorri bat jartzea. Apostolutza kalean ere lanak egingo dituzte, eta euri urak biltzeko biltegi bat jarriko dute. Saneamendu lanak ere egingo dituzte.
Urumea ibaia bideratzeko ezinbestekoa izango da Vertiz kontzesionarioaren lurrak desjabetzea. Horrek euren haserrea eragin du, eta udalarekin ez dute adostasunik lortu. Enpresak salatu duenez, desjabetzeak 20 langileren kaleratzea eragingo du. Kontzesionarioak urtebete izango du Martuteneko lurrak uzteko.
27 poligonoaren eta Martuteneko zubi berriaren arteko bidea da egonkortuko dutena, eta bileran esandakoaren arabera, bi urteko epean lanak bukatuta egotea aurreikusten dute Uraren Euskal Agentziak eta udalak.