Bi pianorekin nahikoa da
Piano duo bat egin dute gaur goizean San Telmo Museoan Paul San Martin donostiarrak eta Lluis Coloma katalanak, eta areto txiki horretan bildutako 200 pertsonak eserlekuetatik altxatzea lortu dute, blues, boogie woogie eta ragtime erritmora.
Patri Goialde musikari eta Musikeneko irakasleak eman dio hasiera 54. Jazzaldiko San Telmo Museoko lehen emanaldiari, Miles Davis jazz tronpeta-jotzaile historikoaren inguruko hitzaldi batekin. 45 minututan Davisen ibilbidea errepasatu du Goialdek, modu oso dibulgatibo batean, eta hitzaldi guztian zehar ikusleen arreta galdu gabe. Tronpeta-jotzailearen ibilbidea azaltzen zuen bitartean, Davisen garai bakoitzeko abestien zati txikiak jartzen zituen Goialdek, hitzaldia erraztuz. Milestones (old), Israel, Bye bye black bird, Summertime, Flamenco Sketches, E.S.P., Spanish Key eta Human Nature izan dira ikusleriak entzun ahal izan dituen abestiak, hain justu.
Ordu eskas horretan ikusleen Davisen inguruko ezagutza handitu ondoren, Paul San Martin piano-jotzaile donostiarra eta Lluis Coloma piano-jotzaile katalana igo dira agertokira. Bakoitza piano batean eserita, ordu eta erdiko emanaldi bikaina eman dute, Chicago, New Orleans eta Memphis Donostiara ekarriz.
Otis Spann eta Lee Allenen bertsio bana joaz hasi dute kontzertua San Martinek eta Colomak, eta hasieratik jendearekin gelditu dira. Bitxikeria gisa, San Martinek kontatu du duela hamabost urte ezagutu zutela elkar, San Martinek berak Coloma Kursaaleko zubian gelditu zuenean bere musika oso gustuko zuela esateko.
Little Brother Montgomeryren Keep On Drinking abestiarekin jarraitu dute, biek oso gustuko duten abesti bat baita. Konplizitate handia nabaritzen zen beraien artean, eta ondo baino hobeto zekiten nork hartu behar zuen protagonismoa une bakoitzean. Horrela, blues abesti klasikoak boogie woogie azkarrekin eta ragtime biziekin tartekatu dituzte, zaleen gozamenerako. How Long Blues abestiarekin ikusleekin interakzio handia izan dute, txaloka erritmoa jarraitzera animatu baitituzte, eta ikusleen erantzun ona jaso dute. Kontzertu guztian zehar euren gaitasunak erakusteko aukera izan dute biek, hala nola, Bumble Boogie eta Maple Leaf Rag abestietan. Aipatzekoa da lehenegoarekin guztiz berotu direla musikariak, eta aldi berean kendu dutela biek jaka. Piano lehia biziak ere egin dituzte, ikusleria liluratuta utziz. Beste blues klasiko batzuekin jarraitu dute, hala nola, Memphis Slimen Missery eta Barrelhouse Chucken Schooldays On My Mind, eta boogie woogiak, bere hastapenetan, trenaren soinuarekin izan zuen harremana azaldu du Colomak Honky Tonk Train Blues jo aurretik.
Bukaeran, Coloma San Martinen pianora hurbildu da, eta lau eskutara jo dute, jendearen harridurarako. Ikuskizun ikaragarria izan da hori, eta jende zutik jarri da txalotzeko. Txalo zaparrada horren aurrean, bis instrumental bat egin dute, piano bakar batean bi musikariak txandakatuz. Beraz, musika bikainaz gain, espektakulua ere eman dute San Martinek eta Colomak, eta jendeak zutik agurtu ditu, txalo zaparrada luze batekin.