[Irudiak] Herritarren sokadantza Zubietako jaietan
Atzo hasi ziren Zubietako jaiak, txupinarekin. Gaur sokadantza egin dute herritarrek, Santio egunez ohikoa duten bezala.
Hamaikak pasatxo hasi dira txistulariak giroa berotzen, dagoeneko aski bero egiten bazuen ere. Jendea Errebote plazara gerturatu da apurka, itzaletan txokoa hartuz. Elizako ezkilek hamabiak eman dituztenean sartu dira txistulariak eta dantzariak plazara, txalo artean. Ordurako ingurua herritarrez betea zegoen eta mahai luze batzuetan prest dantzaren osteko hamaiketakoa.
Plazari buelta emanez egindako kalejiraren ostean begira zeuden herritar batzuk gehitu zaizkie dantzariei sokadantzan. Jendearen txalo artean hautsi da soka hainbatetan, eta amaieran ere txaloka agurtu dituzte dantzariak eta txistulariak plazatik.
Uztailaren 31ra arte jarraituko dute festetan Zubietan, eta egitarau oparoa prestatu dute datozen egunetarako.