Joan Baezek Zurriola bere egin du
Joan Baezek ireki zuen atzo iluntzean Jazzaldia, eta bere hippie arima Zurriolako hondartzan bildutako zale guztietara heldu zen. Ikusleria bere egin zuen hasieratik, 1960ko eta 1970eko hamarkadetako abestiak, gaztelaniazko abesti batzuk eta 'Txoria txori' abestuz, besteak beste.
Arratsaldetik jazza arnasten hasi zen Kursaaleko inguruetan atzo, Jazzaldirako gogoz baitzeuden donostiarrak. Joan Baez zen aurtengo edizioa irekiko zuen nazioarteko izar handia, baina zaleak lehenagotik hasi ziren girotzen, terrazetan Ola Onabule, Rei eta Saxophone Con-Clave taldeak ikusteko aukera izan baitzuten. Hauek bukatzen joan ahala hasi zen, ordea, hondartza ingurutik jende gehiago azaltzen, Joan Baezen kontzertua hastear zegoen eta.
Behar baino minutu batzuk lehenago hasi zen, zale asko oraindik hondartzara jaisten ari zirela, eta hasieratik argi utzi zuen kontzertu hura Woodstock estiloko kontzertu bat izango zela. Gitarra klasikoarekin atera zen agertokira Baez, eta hiru abesti ia jarraian jo zituen: Bob Dylanen Don’t Think Twice, It’s All Right, Janis Joplinen Me and Bobby McGee eta Joan Manuel Serraten Llego con tres heridas. Hirugarren abesti hori bukatzerako, Zurriola jendez lepo zegoen, tartean hippie nostalgiko batzuk.
Lehen abesti hori ez izan jo zuen Dylanen bakarra, It ain’t me eta Forever Young ere jo baitzituen. Izan ere, Dylanekin harreman estua izan zuen Baezek 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, eta oso presente egon da beti bere errepertorioan. Aktibismoa ere bere ibilbideko pertsonal eta profesionaleko ezaugarri esanguratsu bat izan da, eta hori islatu zuen atzoko kontzertuan. Abesti eta abesti artean giza eskubideen aldeko mezuak emateko aprobetxatu zuen, eta errefuxiatuen, mugimendu feministaren eta askatasunaren alde egin zuen Deportee, Oh Freedom, Ain’t Gonna Let Nobody Turn Me Around, President Sang Amazing Grace eta No More Auction Block abestiekin, besteak beste. Azken horretan, piano-jotzailea New Orleans estilora jotzen hasi zen, eta ikusleriaren gozamenerako.
Kontzertua hasi eta ordu erdira heldu zen gaueko une bereziena, Baezek lehen aldiz 1988an Bilbon abestutako Mikel Laboaren Txoria Txori abestu baitzuen. Azken urteetan kontzertuetan ohikoa den moduan, mugikorrak eta argazki kamerak azaldu ziren une horretan jendartean, denek Baezekin batera abesten zuten bitartean. Laboaren abestiaren bertsio azkar bat egin zuen Baezek, segur aski jendeak berak baino gehiago sentitu zuena, baina edonola ere, une magiko bat izan zen.
Kontzertuaren hasieran interpretatutako Serraten abestia ez zen gaztelaniaz egin zuen bakarra, izan ere, aita mexikarra zuen Baezek, eta gaztelaniazko abestiak jo izan ditu beti. Horrela, Joen Hill, Leonard Cohenen Suzanne, House Of Rising Sun (Baezek berak The Animals taldeak baino lehen grabatutakoa) eta Paul Simonen The Boxer abestiak jo ondoren, Violeta Parraren Gracias a la vida jo zuen, kontzertua amaitzeko.
Jendeak bis bat eskatu zuen, eta agertokira itzuli zen Baez bere taldearekin John Lennonen Imagine, Dylanen Imagine, bere Here’s To You, Nicola And Bart eta No nos moveran abesteko. Azken horrekin agurtu zituen zaleak bigarren aldiz, jendeak berarekin batera abesten zuen bitartean. Bigarren bis bat egin zuen, ordea, Baezek, oraingoan bandarik gabe. Dink’s Song abestia jo zuen, eta orduan bai, betirako agur esan zuen, hau baita bere azken kontzertu bira. Atzo Zurriolan elkartutako jendeak 1960ko eta 1970eko musikari historiko bat forma onean ikusteko zortea izan zuten, azken aldiz.
Gaua luzatu zen
Askok Baezekin nahikoa izan bazuten ere, beste askok gaua luzatzeko asmoa zuten, eta horretarako aukera eman zuen atzo Jazzaldiak. Izan ere, terrazetan Elkano Browning Cream, Love & Revenge: Music & Cinema from the Arab World eta Dan Barrett Classic Jazz All Stars taldeak ikustera hurbildu ziren asko. Jamie Cullumek itxi zuen gaua hondartzan, Baezen oso bestelako musika eginez eta oso bestelako giro bat sortuz, festa jarraitu nahi zuten gazteei zuzenduta.