Harro egoteko moduko traineruak
Donostiak egun hiru traineru dauzka arraunaren maila gorenean, eta guztiak gogor ari dira lanean estropadetan emaitza onak lortu eta euren helburuetatik gertu jarraitzeko. Donostiarraren bi taldeek eta Arraun Lagunek astero erakusten dute Donostia hiri arraunzalea izateaz gain, hiri arraunlaria ere badela; eta baita horretan iaioa ere.
Kontxako banderatik harago, maila goreneko arraunketak badu lekua Donostian. Izan ere, Euskotren eta Eusko Label ligetan lehiatzen ari diren hiru traineru donostiarrak buru-belarri dabiltza astero entrenatzen, asteburuetako estropadetan segundoak murrizten jarraitzeko.
Donostiarraren bi ontziak, gizonena eta emakumeena, eta Arraun Lagunaken trainerua dira hiriaren ordezkaritza herriz herri daramatenak. Helburuak helburu eta emaitzak emaitza, exijentzia maila izugarriko lehia horretan lan gogorra egiten ari dira, eta horregatik, harro egoteko arrazoirik ez zaie falta. Liga erdia igarota, ordea, orain arteko ibilbidea errepasatu eta balorazioak egiteko unea iritsi da.
Donostiako gizonak Eusko Label ligako hamar estropadatan lehiatu dira oraingoz, eta sailkapeneko bosgarren postuan kokatu ditu horrek. Aurretik, berriz, beste hamabi proba dauzkate zain, orain arte faltatu zaien erregulartasuna lortu eta behingoz aurrerapauso bat emateko.
Euskotren ligan ere erronka berdinari egin beharko diote aurre Arraun Lagunakek eta Donostiarrak. Jada zortzi estropadetan lehiatu ostean, traineruak txapelketako azken txanpan sartu dira, eta euren helburuak ziurtatzeko, geratzen diren sei estropadetan ahalegin erantsi bat egin beharko dute biek.
Pauso bat gehiago helburuak lortzeko
Joan den asteburuko Orioko eta Sestaoko estropaden ostean, hiriko traineruek badute zer pentsatu. Arraun Lagunak izan da guztietatik hoberen ibili dena, baina eginiko esfortzuak ez du saririk izan donostiarrentzat, eta horrek aho zapore gazi-gozoa utzi diela aitortu du Nerea Txokarro arraunlariak: “Emaitza onak lortu ditugu, baina ez dugu ezer errematatu. Lanean jarraitu behar dugu behingoz falta zaizkigun segundo horiek irabazi eta beste bandera bat lortzeko”.
Arraun Lagunakek ligako bigarren estropadan Lekeition lortutakoa ez ezik, Euskotren ligako bandera guztiak Oriok irabazi ditu orain arte, bere burua sailkapeneko lehen postuan ondo finkatuz. Arerioa gogorra da, baina Txokarrok edozertarako gai ikusten ditu bere taldekideak, baita maldan gora jarri zaien liga irabazteko ere: “Matematikoki, aukerak badaude, eta bigarren postuarekin ere pozik gauden arren, gehiago borrokatzeko indarra daukagu”.
“Matematikoki, aukerak badaude, eta bigarren postuarekin ere pozik gauden arren, gehiago borrokatzeko indarra daukagu”
Donostiarrak eta Hondarribiak osatzen dute ligako taula, baina bi traineruak beste lehia batean daude murgilduta. Izan ere, Orio eta Arraun Lagunak beraiek baina “puntu bat gorago” daudela uste du Alaitz Olarte Donostiarrako arraunlariak: “Gure helburu nagusia ligan mantentzea da, eta horretan Hondarribiarekin dugu lehia, goikoei ere bista gainetik kentzen ez diegun arren”.
Duela hiru urte sorturiko taldea lehen aldiz ari da Euskotren ligan lehiatzen, eta momentuz, Donostiarra bere helburua betetzeko bidean doa. Lehen estropadatik sailkapeneko hirugarren postuan mantendu da, baina Euskotren ligan jarraitu ahal izateko, taldeak erregulartasuna topatu beharko duela dio Olartek: ”Normalean, larunbatean puntuak lortu ohi ditugu, baina igandeetan, berriz, huts egiten dugu”.
“Gure helburu nagusia ligan mantentzea da, eta horretan Hondarribiarekin dugu lehia, goikoei ere bista gainetik kentzen ez diegun arren”
Donostiarrako emakumeen erronka berdina dute klub bereko gizonek. Imanol Iradi arraunlaria pozik dago orain arte ligan lortutakoarekin, baina hain zuzen, azken emaitzak «oso gorabeheratsuak» izan direla azpimarratu du Amara Berrikoak: “Ez, orokorrean ez gara talde erregularra izan, eta hori aldatzen saiatu behar dugu hemendik aurrera”.
Hala ere, egun daukaten bosgarren postuarekin gustura daudela adierazi du Iradik: “Gure burua sailkapeneko lehengo seien artean kokatu dugu hasieratik, eta liga erdia igarota, hortxe gaude”. Gauzak ongi egin arren, beste traineruen mailak sailkapenean eragin zuzena izan dezakeela gogoratu du, ordea, Donostiarrakoak, eta bosgarren postua galdu egin dezaketela nabarmendu du: ”Gure helburuak lortzeko bidean, oraindik asko dago egiteko”.
“Gure burua sailkapeneko lehengo seien artean kokatu dugu hasieratik, eta liga erdia igarota, hortxe gaude”
Orio, geldiezin bi ligetan
Oraindik arraun egin beharko dute, baina sorpresarik ez badago, Orioren traineruak Euskotren eta Eusko Label ligetako txapeldunak izango dira abuztuan. Izan ere, emakumeen kategorian, oriotarrek sei puntu ateratzen dizkiote bigarren postuan dagoen Arraun Lagunaki, eta jada zazpi bandera eskuratu dituzte, aurkariei aukera handirik utzi gabe.
Gizonetan, berriz, Oriok hamaika puntu lortu ditu batez beste estropada bakoitzean, eta lau bandera irabazi ditu jada. Horri esker, ligako sailkapenaren jaun ta jabe da orain, Zierbenarekiko hamabi puntuko abantaila ikaragarriarekin.
Txokarrok, Olartek eta Iradik bat egiten dute Oriori buruz galdetzen zaienean. “Oso indartsu daude, atzetik urteetako lan sendo bat dutelako, eta aurten zaila izango da edonork haiei aurre egitea”, zehaztu du Olartek.
Gipuzkoako txapelketa apala donostiarrentzat
Joan den astean Gipuzkoako Traineru Txapelketa egin zuten Donostiako uretan, eta hiru arraunlarien ustetan, hiriko taldeek emaitza apalak lortu zituzten etxeko estropadan. Berriro ere, Orio nagusi izan zen bi kategorietan, baina Arraun Lagunakek eta Donostiarrak bosgarren eta seigarren postua besterik ez zuten lortu emakumeen txandan. Donostiarra, aldiz, hirugarren izan zen gizonetan, Hondarribiaren atzetik.
Txokarrok ez du ongi ulertzen egun hartan gertatutakoa: ”Ez dago azalpenik. Ez zen Arraunek merezi duen eguna izan, baina horrelakoak gertatzen dira, eta goian egoten dakigun modura, beheran egoten ere jakin behar dugu”.
Kontxako bandera, amets
Etsipenerako astirik ez dute, ordea, Donostiako arraunlariek, eta burua asteburuan Santurtzin eta Getxon jokatuko diren estropadetan daukate hiru traineruetako kideek. Tarteka, baina, irailera begira jartzen direla aitortu dute, eta irribarrea ateratzen zaie Kontxako bandera aipatzen denean.
Hala ere, garaiz da oraindik horri buruz hitz egiteko, eta aurretik liga asko geratzen denez, arraunketaz gozatu eta hirikoez harro sentitzeko denbora luzea daukate aurretik Donostiako arraunzaleek.
KAE 1 ligan ere sendo dabiltza
Donostiarraren taldea denboraldi bikaina egiten ari da KAE 1 ligako lehenengo multzoan. Igandean, Pasaiako estropadan, bere lehenengo bandera irabaztetik oso gertu egon zen.
Hiru segundo-hamarreneko besterik ez ziren izan, baina alde hori nahikoa izan zen Deusturentzat igandeko bandera etxera eramateko. Donostiarrari bere historiako lehenengo banderak hatz puntetatik egin zion ihes, baina taldekideak ez ziren Pasaiatik esku-hutsik atera. Izan ere, estropada bat irabazteko gai direla argi ikusi zuten, eta horrek kemena emango die datorrenari aurre egiteko. Beharrezkoa izango dute, donostiarrek sailkapeneko hirugarren postua lortu duten arren, play-off postuetara gerturatzeko esfortzu handia eta zorte dezente beharko dituztelako. Zarautz eta Deustu dituzte aurretik, baina azkarrenak izan daitezkeela jabetuta, Donostiarrako gazteak edozertarako gai dira orain.