Flamenkan kontzertu gunea jartzea debekatu die Jaurlaritzak Donostiako Piratei
Abuztuaren 10etik 18ra bitarte egingo den Aste Nagusi Pirata aurkezteko agerraldia egin dute gaur Donostiako Piratek kaian. Aurten ere jaiak aurrera ateratzeko oztopoak izan dituztela salatu dute, eta Jaurlaritzaren erabakiak egitaraua eta jaigunea guztiz berrantolatzera behartu dituela azaldu dute.
Oztopoak oztopo, Aste Nagusiko jaiak antolatzeko borrokan jarraituko dutela argi utzi dute gaur Donostiako Piratek. Duela bi urte, Jaurlaritzak tasa moduan ordainarazitako 14.300 euroak salatu zituzten Bulebarreko kioskoan, eta iaz, berriz, kaiko lonjaren obrak zirela eta, mugimenduko kideek jaiguneetan hainbat aldaketa egin behar izan zituzten egitaraua aurrera ateratzeko. Aurten, aldiz, Jaurlaritzak piraten agertoki nagusia den Flamenka gunean kontzertuak egiteko debekua ezarri diela azaldu dute, baina “oztopo andana gaindituta”, abuztuan berriro ere Donostia abordatuko dutela iragarri dute piratek.
“Arrazoi zehatzik eman gabe, Jaurlaritzatik erabaki dute Flamenka gunean ez dela kontzertu gehiagorik egingo, eta egitaraua eta jaigunea guztiz berrantolatzera behartu gaituzte, oso epe laburrean”, zehaztu dute. Hain zuzen, azken asteak gogorrak izan dira piratentzat, gune berri bat diseinatzeko lanetan buru-belarri aritu baitira, horrela jaien antolakuntzarako beharrezkoak diren epeak bete ahal izateko.
Gauzak horrela, zailtasun guztiak gaindituta, egitarau zabala osatu eta Aste Nagusia garaiz aurkezteko gai izan dira berriro ere, baina goizean eginiko prentsaurrekoan abisu zuzena egin diete herritarrei: “Jaurlaritzak Donostiako Piratak kaitik kanpo nahi dituzte”.
Kortsarioen Donostian, izan pirata!
Aste Nagusiko lelorako, “erregimenaren izenean eta haren mesedetan sakeatzen ibiltzen ziren kortsarioak” hartu dituzte hizpide, eta kortsario horiek Donostian jarraitzen dutela azpimarratuz, Kortsarioen Donostian, izan pirata! oihukatu dute gaur mugimenduko kideek.
Hain zuzen, “diru truke saldu diren kortsarioen aurka egin, zapi beltza jarri eta pirata bilakatzeko” gonbita luzatu diete piratek gaienerako herritarrei.
Hainbat berrikuntza dituen egitaraua
Aurtengo egitarauak aurreko urteetakoen ildo beretik jarraituko duela laburtu dute piratek, baina hainbat berritasun ere izango dituela azaldu dute. Besteak beste, abuztuaren 14ko Kofradia Eguna eta jaiek iraun bitartean egingo duten Karramarro Uhartea irratsaioa nabarmendu dituzte goizeko agerraldian.
Egunean zehar, askotariko ekitaldiak egingo dituzte: bazkariak, txarangak, jolasak… Eta gauetan, berriz, musika eskaintza zabala izango dute, eguneko hiru proposamenekin: kontzertuak, DJak eta Trinitate enparantzako afari musikatuak. Esteka honetan piraten kontzertu gune nagusiko emanaldiak kontsultatu daitezke.
Abordaiari dagokionez, piraten webguneko izen ematea gaurtik aurrera zabalik dagoela iragarri dute, eta egun horretako bazkarirako tiketak Trikuharri (Antigua), Pandora (Gros) eta Herria (Parte Zaharra) tabernetan salgai daudela ere jakinarazi dute. Gainera, abordatze egunean beste berritasun bat izango dutela nabarmendu dute prentsaurrekoan: lehen aldiz, Abordaiako baltsa politenak saria izango du.