Laurogeigarrenez inauguratu dute Musika Hamabostaldia

Donostiako hainbat txoko musikaz busti zituen 80. Musika Hamabostaldiaren inaugurazio egunak. Atzo hasi zen urteroko hiriko jaialdi garrantzitsuenetako bat, eta hilabetez musikaz gozatzeko aukera eskainiko die herritarrei. Aurten, laurogeigarren urteurrena ospatzeko, 90 kontzertu baino gehiago programatu dituzte, eta horien artean nabarmentzekoak dira Ainhoa Artetaren Madama Butterfly, eta Victor Ullateren Antigona.
Hamabostaldiari hasiera emateko kaleak hartu zituen Deabru Beltzak taldeak. Donostiako kaleak ezagun dituen piroteknia eta musika taldeak Symfeuny ikuskizuna egin zuen Zurriola pasealekuan eta bere inguruetan. Gainera, jaialdiaren lehenbiziko musika notak Erdialdera, Kristina Enea parkera, San Telmo Museora eta hiriko beste zenbait tokitara ere iritsi ziren, hainbat kontzertu eta emanaldi egin baitzituzten han.
Kursaaleko kontzertu handien zikloari hasiera emateko arduraduna izan zen Mahler Chamber Orchestra. Orkestrak Erromantizismoari eskainitako saioa egin zuen atzo, Beethoven, Mendelssohn eta Chopinen obrekin. Gaur bigarren kontzertua egingo du, eta Donostiako Orfeoia, Easo Eskolania, Easo Gazte Abesbatza eta hainbat ahots bakarlarirekin batera egingo dute.
Gainera, Hamabostaldiaren urteurren bereziaren harira, Donostiako soinua. 80. Musika Hamabostaldia erakusketa zabalik dago irailaren 1era arte, San Telmo Museoko Laborategian. Erakusketak jaialdiaren mugarriak eta ibilbidea errepasatzen ditu, eta objektuek, ikus-entzunezkoek eta Mikel Arce artistaren soinu-instalazio bikoitz batek osatzen dute.
Uztailaren 11tik irailaren 1era egongo da zabalik museoko Laborategian “Donostiako soinua. 80. Musika Hamabostaldia” erakusketa, jaialdiaren mugarriak eta ibilbidea errepasatzen dituena objektuen, ikus-entzunezkoen eta Mikel Arce artistaren soinu-instalazio bikoitz baten bidez. Era berean, abuztuko San Telmo Gaua, abuztuaren 24ko gaua, erakusketaren ingurukoa izango da.