Dispertsioa salatu dute Kontxako hondartzan
Etxerat elkarteak deituta egin dute presoen sakabanaketa salatzeko martxa. Euskal Herriko 14 hondartzetan egin zituzten martxak igandean, Donostiako Kontxan, besteak beste. Dozenaka lagun elkartu ziren igandean, Nautikotik Perlaraino eta handik bueltan udaletxe aurreraino egindako ibilbidean dispertsioaren aurkako aldarria eginez.
Martxen harira Etxeratek gogorarazi du orain dela 30 urte presoen urruntze politika abian jarri zenetik 344 auto-istripu izan direla espetxeetara bidean. 937 pertsona zauritu eta 16 lagun hil dira istripu horietan. Aurten dagoeneko sei istripu gertatu direla salatu dute: 13 senide izan dira kaltetuak; horien artean, 23 hilabeteko haur bat.
Halaber, euskal presoei ezartzen zaien “salbuespenezko espetxe politika” salatu dute. Kartzela politika horrek presoen “bizi baldintzak eta osasun fisikoa eta psikikoa arriskuan” jartzen dutela azpimarratu du Etxeratek.
11/13 sumarioaren epaiketa ere gaitzetsi du elkarteak. Euskal presoen eskubideen alde lanean jardun duten 47 euskal herritar epaituko dituzte irailaren 16tik aurrera. “Gure elkartasun eta laguntzarik zintzoena eskaini nahi diegu 47 auzipetuei eta beraien senideei”.