Karkizano kalea oinezkoentzat bihurtzeko lanak amaitzear dira
Amaitzear dira Groseko Karkizano kalea berregituratzeko lanak. Oinezkoentzat bihurtu dute kalea, eta helburua da oinezkoei eta bizikletei lehentasuna ematea. Hala ere, saltoki eta tabernei zamak eramaten dizkieten ibilgailuen sarrera baimenduko da ordu jakin batzuetan, eta kalearen bukaeran dagoen garajearen erabiltzaileek kalera sartzeko baimena izango dute.
Kalea oinezkoentzat bihurtzeko lanak Landa e Imaz enpresari adjudikatu zizkion Donostiako Udalak joan den martxoan. Adjudikazioa 119.983 euroren truke onartu zen. Orduan, lanek aldaketak ekarriko zituela iragarri zuen udalak. Hala nola, bertako aparkalekuak egoiliarrentzako izango dira bakarrik, Padre Larroca kalearen norabidea aldatuko da, eta Mirakruz kalerako norabidea izango du. Ondorioz, taxi geltokia Padre Larroca kalera mugituko dute.