Azken sexu erasoa salatzeko protesta egin dute Bulebarrean
'Eraso sexisten aurrean, autodefentsa feminista' lelodun pankartaren atzean hamarnaka herritar bildu dira, astelehenean salatutako sexu erasoa gaitzesteko.
Donostiako Asanblada Feministak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo Bulebarrean, astelehenean salatutako sexu erasoa salatzeko. Eraso sexisten aurrean, autodefentsa feminista lelodun pankartaren atzean hamarnaka herritar bildu ziren, erasoa jasan zuen emakumeari elkartasuna adierazteko. Mugimendu feministak autodefentsa feministaren aldeko aldarrikapena zabaldu zuen, “sistema kapitalista eta heteropatriarkalak sortzen duen” indarkeria matxistari aurre egiteko. Halaber, beste gakoetako bat “maskulinitate eredu erasokorra” desaktibatzean dagoela adierazi zuten; horretarako, hezkuntzan inbertsioak sustatzea ezinbestekotzat jo zuten.
Protestaren amaieran irakurritako manifestuan gogor kritikatu zuten azken sexu erasoaren inguruan hainbat hedabidek egin duten jarraipen “morbosoa”, baita feminismoaren izenean mezu arrazista eta xenofoboak zabaldu dituztenak ere. Era berean, gertakaria etxebizitza eskubidea eta espazio komunitarioen alde lana egiten duen okupazio mugimendua kriminalizatu izana leporatu zieten arduradun politikoei. Indarkeria matxistaren errora joateko beharra azpimarratu zuten, eta “zuriketa morea” alde batera utzita, neurri eraginkorrak exijitu dituzte.
Igandeko erasoari dagokionez, Ertzaintzak 18 urteko gizon bat atxilotu zuen astelehenean, eta epaileak behin-behinean espetxeratzea erabaki du.