Azken urtearen balantzea egin eta aurrera begirako egitekoak zehaztu ditu Hiritarron Harrera Sareak
Orain dela urtebete sortu zuten Hiritarron Harrera Sarea, Donostiara heltzen ziren pertsona migratzaile eta errefuxiatuei laguntza eskaini eta erakundeei haientzako baliabideak eskatzeko.
Urtebetean egindako lanaren balantzea aurkeztu du Harrera Sareak, goizean egindako prentsaurrekoan. Harrera Sarea sortu zenetik egoera aldatu dela adierazi dute. Orain beste norabait bidean diren pertsona migratzaile gutxiago iristen da hirira, batez ere Espainiar eta Marokoar Gobernuen errepresioaren ondorioz. Halaber, erakundeek jarritako baliabideak nahikoa dira iristen direnei ostatua emateko.
Harrera Sareak dioenez, ordea, kale gorrian dauden pertsonen kopurua gora doa, haientzako nahikoa baliabide ez baitute jartzen erakundeek. Harrera Sarearen lana gero eta gehiago ari dira bideratzen egoera horretan dauden pertsona migrante gazteei laguntzera. Zerrendatuta oso egoera ezberdinetan dauden ehun bat gazte ehun bat daudela azpimarratu dute; gehienak gizonezkoak, eta dozena erdi bat emakume.
Aldundiaren babesean egondako gazteak adin nagusitasunera heltzean kale gorrian eta baliabiderik gabe geratzen direla salatu dute, eta ez zaiela erakundeetatik aski baliabide eskaintzen. Gazte horiei era desberdinetako arreta eskaintzen die Harrera Sareak, elikagaiak ematea Elikagai Bankuari esker, laguntza emozionala, laguntza lege-izapideetan eta baita bizitokia bilatzen ere.
Aurrera begira kale gorrian dauden pertsona migratzaileei laguntza ematea izango du ardatz Harrera Sarearen lanak, erakundeei baliabideak eskaintzeko eskatu eta gizartea sentsibilizatzearekin batera. Harrera Sarea bere osotasunean pertsona boluntarioek osatzen dutela gaineratu dute, eta erakundeen laguntzarik gabe autofinantzatzen dela, jasotzen dituen ekarpenekin.
Balantzearen amaieran zeregin horretan laguntzeko prest legokeen orori Harrera Sarearekin harremanetan jartzeko eskatu diote, “era askotara lagun daiteke, eta laguntza oro da beharrezko. Gutxi deritzoguna ere, egundoko babesa da pertsona batzuentzat”.