Behatzaileak behar dituzte Aste Nagusiko hizkuntza erabilera aztertzeko
Donostiako Aste Nagusian euskarak duen egoera aztertuko du Bagera elkarteak, antolatutako jardueretan hizkuntzaren erabilera behatuz. Herritarren laguntza eskatu dute azterketa egiteko.
Euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzeko hizkuntzaren egoera zein den ezagutzea beharrezkotzat jotzen du Bagerak, eta azterketa hori jai giroan ere burutuko dute aurten, iaz bezala.
Jardueretan behatzaile izateko herritarren laguntza eskatu du Bagerak. Lan hori egin nahi dutenek elkartearekin harremanetan jarri behar du zein jardueretara joango den jakinaraziz eta elkarteak emandako fitxa bete eta elkarteari helarazi beharko dio. Izena ematen dutenen artean abuztuaren 28rako Aitziber Garmendiaren “Txanogorritxotik otso emera (sei mutil medio)” antzezlanerako 4 sarrera bikoitz zozkatuko dituzte.
Behatzaile izateko jakin beharreko informazio guztia kontsulta daiteke Bagera elkartearen webgunean.