Duñike Agirrezabalaga: "Ezin ditugu duela 50 urteko mezu berak errepikatu"
Aste Nagusiko eraso sexisten aurkako kanpaina aurkeztu du Donostiako Udalak. 'Baietzik gabe, ezetz da!' da leloa.
Aste Nagusirako bi egun falta direla, Donostiako Udalak indarkeria sexistarik gabeko jaien alde agerraldia egin du. Udaletxeko terrazan bildu dira udaleko talde politikoetako ordezkariak, eraso sexisten aurkako jaietako kanpaina aurkezteko. Eneko Goia alkateak eta Duñike Agirrezabalaga Berdintasun zinegotziak zehaztu dute zein ekintza eta baliabide indartuko dituzten datozen egunetan, “Aste Nagusia emakumeenganako inolako erasorik gabe igaro dadin”.
Goiak gizarte osoari dei egin dio, astea “lasaia, alaia eta parte-hartzailea izan dadin”. Bakoitzak dagokion tokitik “konpromiso aktiboa” izan behar duela adierazi du, “erasoei aurre egiteko”. Alkateak gogoratu du errespetua funtsezkoa dela festetarako. Larunbatean hasiko da Aste Nagusia, eta alkateak nabarmendu du aurtengo kanoikada botatzeko ardura emakumezkoek izango dutela, Realeko emakumeek, hain zuzen. “Ez da segurtasun kontu soil bat, askatasun kontua baizik”, gaineratu du.
“Egun hauetan, alarma piztu eta denok haserre bizian jarri gaituzten gertaerak izan dira”, adierazi du Agirrezabalagak. Zinegotziaren ustez Bilbon eta Donostian izandako bortxaketak “erabat gaitzesgarriak” dira, eta horrelakorik ez gertatzeko ahalegin handiagoa egin behar dela. Erasotzaileei mezua bidali die: “Argi izan behar dute gure gizartean ez dagoela haientzat lekurik”. Poliziak azken egunetan erasoak sahiesteko zabaldu dituen mezuei buruz galdetzean, PSEkoak esan du ezin direla “duela 50 urteko mezu berak errepikatu”.
“Emakumeek festaz gozatu aha izatea nahi dugu, inolako beldurrik gabe. Beharrezkoa den guztietan berretsi behar dugu baietzik gabe, ezetz dela”, gaineratu du. Hori da, hain zuzen, kanpainaren leloa: Baietzik gabe, ezetz da!. Agirrezabalak jakinarazi du leloa duen pankarta bat jarriko dute udaletxeko balkoietan, Bulebarrari begira.
Hainbat baliabide
Zinegotziak jakinarazi du aipatu leloa daraman zapiak banatu direla hainbat tokitan, besteak beste, Donostia Turismoko bulegoan, Erdialdeko eta Parte Zaharreko saltokietan, Lurraldebuseko autobusetan, eta ostalaritza establezimenduetan. Gainera, urtero bezala, hainbat material jarriko dituzte herritarrek eskuratzeko: erasoen aurkako leloa duten eskumuturrekoak, txapak, eta neskentzat eta mutilentzat aholkuak eta jarraibideak jasotzen dituzten panfletoak. Gainera, taxilariei eta ostalaritzako establezimenduei eraso sexisten kasuan jarduteko protokoloak banatu ditu udalak.
Halaber, Aste Nagusiko egun guztietan, karpa bat egongo da Bulebarrean, Bretxa merkatuaren alboan. Eraso sexisten aurkako kanpainaren informazio gunea izango da. Egunero egongo da irekita, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 22:30era. Aste Nagusiaren lehen egunean, larunbatean, 4:00ak arte egongo da zabalik. Agirrezabalagak jakinarazi du “laguntza eta informazio puntua” izango dela karpa: “Babesleku izatea nahi dugu, eraso sexistaren bat jasan edo ikusiz gero, hartara jotzeko. Udalak jarritako baliabide guztiei buruzko informazioa eta laguntza emango duten hezitzaileak egongo dira han”. Bestalde, beste bi hezitzailek hainbat jai gune bisitatuko dituzte, informazioa zabaltzeko.