Munillaren adierazpenak gezurtatu ditu berriro Familia Santua parrokiako kontseiluak

Gotzainak azken egunetan egindako adierazpenei ñabardurak egin dizkie Amarako Familia Santua parrokiako kontseiluak. Orain dela astebete pasatxo argitaratu zuen gaiari buruzko lehen oharra parrokiako kontseiluak. Bertan, Gotzaingoak hilabete batzuk lehenago egindako adierazpenak gezurtatu zituzten. Era berean, Munillak eraikina kokatuta dagoen lursailaren inguruko negoziazioetan izandako jarrera “absolutista” gaitzetsi zuten, eta parrokoa lekualdatzeko mehatxuak salatu.
Parrokiako kontseiluak ohar berrian gogorarazi duenez, Gotzaina izan zen “Aterperen birkokatzeari”, “parrokia eraberritu edo berria eraikitzeari” eta “hirigintza lan posibleei” buruzko elkarrizketak udal gobernu berriarekin berrartuko zituztela. Horrek gezurtatzen du, kontseiluaren aburuz, Gotzaingoak lursaila saltzeko interesik ez duela.
Era berean, lursailari buruzko elkarrizketak Gotzaingoak hasi zituela frogatzen duten iturriak dituztela adierazi du parrokiako kontseiluak. Are, Gotzaingoak parrokiara operazio espekulatibo horretan interesa luketen eraikuntza enpresak bidali dituela gaineratu dute.
Gotzainak bere adierazpenetan kontseiluarekin egindako bilerak “azalpen zehatzak” eman zituela esan bazuen ere, kontseiluak berretsi egin du Munillaren jarrera beraiekiko axolagabetasunezkoa izan zela.
Azkenik, parrokoaren lekualdatzea dela-eta, Munillak dio sei urtetarako izendatu zutela eta denbora-tarte hori igaro dela dagoeneko. Parrokiako kontseiluak zehaztu du denbora-muga hori ez dela kontuan hartzen kasu gehienetan, eta lursailaren ustiapen urbanistikoa dela parrokoaren lekualdatzearen arrazoi nagusia.
Aurreko oharra bezala amaitu du parrokiako kontseiluak oraingoa, parrokiaren etorkizunari buruzko proiektuek parrokiako erabiltzaileak kontuan hartu behar dituztela azpimarratuz eta errespetuz eta gardentasunez jokatzeko borondatea agertuz.