Margo beltzez estali dituzte ETAren bost biktimaren omenezko plakak
ETAk 1976an eraildako Juan Maria Araluce Villar, Jose Maria Elizegi Diez, Antonio Palomo Perez, Alfredo Garcia Gonzalez eta Luis Francisco Sanz Floresen omenezko plakak margo beltzez estalita agertu dira. Martxoan jarri zituen plaka Donostiako Udalak, Askatasunaren hiribideko 7 eta 9 zenbakien artean, atentatuaren lekuan.
Bost biktimen omenezko plakak margo beltzez estali dituztela salatu dute Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroak eta Euskal Herriko Terrorismoaren Biktimen Koletiboak (COVITE). Donostiako alkateari, Eneko Goiari “zerbait egiteko” eskatu diote, “Donostian terrorismoaren biktimak ezabatuz tratatzen [direla]” salatuz.
Goiak “irmoki” gaitzetsi du ETAren bost biktimen omenezko plaken aurkako erasoa. “Iraingarria” dela gaineratu du, eta “min gehiago baizik sortzen ez duena”. Udaletxeko mantenuko langileei plakak garbitu eta behar izanez gero konpontzeko agindua eman die alkateak, “giza eskubideen urraketa baten oroimenerako elementuak eta errespetatu beharrekoak” baitira.