Saguesko bederatzi kontzertuetatik bi baino ez dira izango euskaraz
Aste Nagusiko egitarauaren baitan urtero antolatzen ditu kontzertuak Donostiako Udalak Saguesen (Tomas Alba plaza). Aurtengo bederatzi kontzertuetatik euskaraz bi soilik izango direla salatu du Bagera euskaltzaleen elkarteak. Izan ere, kontzertuak egongo diren zortzi gauetatik bakarrean joko dute euskaraz abesten duten bi taldeek.
Abuztuaren 10ean, larunbatarekin, abiatuko dira Saguesko emanaldiak, eta Carlos Tarque arituko da lehen gauean. Biharamunean, igandean, arituko dira Esne Beltza eta Huntza taldeak. Horiek izango dira euskarazko kontzertu bakarrak. Astelehenean, abuztuaren 12an, Hombres G taldea igoko da oholtzara; 13an, Lola Indigo; 14an, Sole Gimenez; 15ean, Alex Ubago; 16an, Bebe. Eta, 17an, larunbata, Macacok emango die amaiera Sagueseko kontzertuei.
Bagera elkarteak sare sozialetan salatu duenez, kontzertuen %22 pasatxo baino ez da izango euskaraz, eta gainerako ia %78, aldiz, gaztelaniaz.