Emakumeak izan dira nagusi aurtengo kanoikadan
Urtero bezala, Alderdi Ederreko plaza jendez bete da Aste Nagusia irekitzen duen kanoikada ikusteko. Realeko hockey eta futbol taldeko jokalariek Artillera abestu, eta Onintza Mokoroak kanoikada bota ostean, hiritarrak bete-betean murgildu dira festan. Donostiako Udaleko udal-taldeetako ordezkari nagusiak ere ekitaldian egon dira, tartean Eneko Goia alkatea.
Emakumeen presentzia nabarmena izan da aurtengo Aste Nagusiari hasiera eman dion ekitaldian. Kanoikada botatzen duen lehen emakumea izan da Onintza Mokoroa, bere aitari, Luis Mokoroari, lekukoa hartu eta gero. Realeko hockey eta futbol taldeko neskak aurtengo gonbidatuak izan dira, eta ohiko Artillero dale fuego abestiaren letran moldaketa egin dute Artillera dale fuego kantatuz Eskola-Gurutziaga abesbatzaren laguntzarekin.
Ekitaldi nagusiaren aurretik ere, jai giroa zabaldu da hiriko erdigunean barrena. Trintxerpeko Illunbe txarangarak gidatuta, Trinitate plazatik abiatu da martxa udaletxerantz, eta han bertan milaka pertsona elkartu dira zortzi eguneko programazio oparoari hasiera emateko.