Badiatik itsas-zaborra ateratzeko tartea hartu dute Aste Nagusian
Goizean goiz elkartu dira Irutxulosub urpeko kirolen elkartekoak Nautikoan. Aste Nagusian eta Olatu Talkan azken urteetan egin duten Itsas-zaborra out ekimena egin dute gaur ere, eguraldiak lagundu ez badu ere. Goiz osoan zehar nahi zuen orori urpekaritza bataioa eskaini diote, itsasotik zaborra ateratzearen truk. Ekimenaren bitartez itsasoko kutsaduraren arazoa gizarteratu nahi dute Irutxulosub elkartekoek.
Zailtasun batzuk izan dituzte, eguraldia, batetik, baina baita urpeko korronteek eragindakoak ere. Izan ere, korronteek normalean zaborra Nautiko aldera bultzatzen duten arren gaur badiaren erdialdera bultzatu dutela esan du, uretatik atera berri, elkarteko Alicia Gomezek. Itsasoa oso zikin topatu duela gehitu du, eta zabor gehiena itsasontzien azpian pilatuta zegoela, jendea eraman ezin zezaketen lekuan. Dena dela, inguru hori garbitzera elkarteko norbait bat joango zela nabarmendu du.
Eguraldia kaxkarra bazen ere joan da jendea Nautiko ingurura, uretan sartzeko prestu. Haurrak eta gazteak ibili dira batez ere, elkarteko kideekin batera, baina baita zenbait heldu ere. Zabor ugari atera dute uretatik ordu gutxian; gurpil bat eta lata eta botila dezente pilatu dituzte. Amaieran arrain baten forma eman diote zaborrari.