Lagunarteko giroan egin diote aurre euriari Pirata Bihurriek
Erromeria Eguna ospatu dute gaur Pirata Bihurriak kofradiako piratek. Euriaren ondorioz, Urgulletik kaiko Kaimingaintxo plazara aldatu dituzte jarduerak. Irudi bilduma batean eta bideo batean jaso ditugu unerik ederrenak
Atzoko festa hasieraren ostean goibel esnatu da Aste Nagusiko bigarren eguna. Eguraldia zela-eta Urgullen izan ohi den Erromeria Eguna Kaimingaitxora aldatu dute Pirata Bihurriek. 12:30ak aldera gerturatu dira lehen piratak gunera. Trikitixaren eta panderoaren doinuak lagundutako aulki-jokoarekin berehala berotu da ingurua. Lagunarteko giro ederrean egin diote aurre euriari Pirata Bihurriek.
Jolas eta dantza artean berehala heldu da bazkalordua. Haur, gazte zein heldu denen artean prestatu dute bazkaltzeko txokoa babesean. Bazkalostean jolas gehiagorako tartea izan dute. Sokasaltoan, diaboloan, aurpegiak margotzen eta malabar-tailerrean aritu dira. Karpatik kanpora, bitartean, eguraldiak hobera egin du eta jendea ere ugaritu da, iluntzeko festa egunean zeharrekoari lekukoa hartzera gerturatu ahala.