Asier Niebla urnietarra oroitu dute bere bizitzarekin amaitu zuen erasoaren urteurrenean
Urtebete igaro da iazko Aste Nagusian gizon batek Asier Niebla urnietarra eraso zuenetik. Erasotzaileak atzetik buruan eman zion kolpeak 28 urteko gaztearen bizitzarekin amaitu zuen, bi hilabetez koman utzi ostean. Igandean, Nieblaren senide eta lagunek elkarretaratzea egin zuten Donostiako Bulebarrean, hildakoarentzako justizia eskatu eta behingoz eraso matxistekin amaitzeko aldarriarekin.
Hain zuzen, Urnietako gazteak jasandakoa eraso matxista bat izan zela diote bere gertukoek. Erasoa Perujuantxo kalean gertatu zen, Niebla emakume batekin hitz egiten ari zen bitartean. Une horretan, oraindik ikertzen ari diren arrazoiengatik, emakumearen bikotekide ohiak kolpe bat eman zion buruan, eta gazte urnietarrak konortea galdu zuen. Bi gizonek, erasotakoak eta erasotzaileak, ez zuten elkar ezagutzen.
Osasun zerbitzuek ospitalera eraman zuten, eta epe laburrean hainbat ebakuntza egin zizkioten bere onera bueltatu zedin. Zoritxarrez, ezin izan zuten gauza handirik egin, eta bi hilabetez koman egon ostean, Niebla urriaren 12an zendu zen. Bere erasotzailea, berriz, egun gutxira atxilotu zuten, eta geroztik kartzelan egon da, epaiketaren zain.