Haizeari aurre eginez heldu da horda pirata Kontxako hondartzara
Haizeak gogor jo duen arren, horda piratak Donostia abordatu du berriro ere. 1.500 lagunek hartu dute parte aurten Aste Nagusi Piratako abordatzean, eta zailtasunak zailtasun, gehienek lortu dute Kontxako hondartzan lehorreratzea.
Goizeko muntaketaren eta Flamenka gunean eginiko bazkariaren ostean, piratak kaiko arrapalan bildu dira, eta antolatzaileek hesia ireki bezain pronto, korrika joan dira denak uretara. Traganarrua kofradiako Ezkilak eta Donostiako gaztetxeek, Matti gisara, txupinazoa bota dute 17:00etan hamaseigarren abordatzeari hasiera emateko.
Ez dute irteera erraza izan, haize bolada indartsuek baltsek aurrera egitea asko zailtzen zuelako. Baina, itsaso zakarrenean ere, piratak nabigatzaile iaioak dira, eta milaka ikusleren babesarekin, hiria abordatzea lortu dute.
Behin hondartzan, baltsak jaso eta kamioietara igo dituzte parte-hartzaileek, ingurua txukundu eta txarangaren doinuekin festari jarraipena emateko. Abordatzeak utzitako irudiak bideo eta argazkietan bildu ditu IRUTXULOKO HITZAk: