Aste Nagusiko hainbat jardueratan euskara baztertuta dagoela salatu du Bagerak
Donostiako Aste Nagusiko jardueretan euskarak duen presentzia aztertzen ari da egunotan Bagera euskaltzaleen elkartea. Saguesko bederatzi kontzertuetatik euskaraz bi baizik ez zirela salatu zuten orain dela egun gutxi.
Sare sozialetan zabaldutako mezuetan eman dute hainbat gunetan egingo diren jardueretako hizkuntza erabileraren berri. Salatutako kasuetan euskararen presentzia oso atzean geratzen da, gaztelaniarekin alderatuta. Easo plazan udalak antolatutako zazpi dantzaldietatik sei gaztelaniaz dira, eta bakarra ele bitan. “Bulebarreko Gauetan” jarduerari dagokionez, zazpi gauetako emanaldietatik hiru gaztelaniaz dira, bi ingelesez eta beste bi euskaraz, egingo diren kontzertuen %28 pasatxo.
Katalunia plazan iluntzeetan egingo diren bost ikuskizunetatik, aldiz, lau izango dira gaztelaniaz, bat beste hizkuntza batean eta, euskaraz bat ere ez.
Donostiako Aste Nagusian ere euskaraz bizitzeko nahia aldarrikatu du elkarteak. Festek iraungo duten artean jardueretako hizkuntza erabilerari buruzko ikerketa egiten ari da Bagera. Ikerketa horretan behatzaile izateko herritarren laguntza eskatu zuten.
Donostiako Aste Nagusiko Katalunia plazako gauak. 5 ikuskizunetik 4 gazteleraz, 1 beste hizkuntza batean, 0 euskaraz.
— Bagera Elkartea (@BAGERAelkartea) August 13, 2019
% 80 gazteleraz
% 20 beste hizkuntza*
0 euskaraz#Bageralakonor Donostiako Aste Nagusian ere euskaraz bizi nahi dugu! #DonostiaAsteNagusia19 pic.twitter.com/DwaiceEQ5s