Kortsarioen Donostiaren etengabeko abordatzea
Donostiako lau gaztetxeak dira Matti aurten, gune autogestionatuetan egiten den lana ikusarazteko asmoz. Kortsarioen Donostian Piraten Donostia eraikitzen ari dira.
Donostiako Piratek urtero abordatzen dute Donostia. Ezkila kapitainak eta Mattik gidatzen dute festa eta abordatzea. Donostiako Piraten eskifaia osatzen dute kofradietako bat izaten Ezkila kapitaina; Matti, aldiz, piraten baloreekin bat egien duten eragile, elkarte edo taldeak izan ohi dira. Aurten, Matti Donostiako Gaztetxeak izango zirela erabaki zuten kofradiek.
Lau gaztetxe daude egun Donostian: Añorgako gaztetxea, Intxaurrondoko Letaman, Antiguako Txantxarreka eta Parte Zaharreko Kijera. Laster beteko du urtebete Kijerak: 2018ko irailaren lehen egunetan okupatu zuten. Gaztetxerik zaharrena, berriz, Añorgakoa da, hogeita hamar urte daramatza martxan. Gaztetxeez gain beste hainbat gune okupatu eta autogestionatu ere bada hirian: Fires lantegi berreskuratua, Infernua, eta hiriko etxe okupatuak, besteak beste.
Aurten Ezkilarekin batera Aste Nagusi Piratari hasiera eman dion Matti, beraz, ez da izan eragile bakar bat, lau baizik. Desberdinak baitira lau gaztetxeak: bakoitzak du bere izaera, bere erritmoa, bere ikuspegia, baina borrokak partekatuak dira: guztiek egiten dute bat “noria bezala etengabe biraka dabilen zapalkuntzaren Donostiari” autogestioaren bidez aurre egiten.
Kortsarioen Donostia
Mattik jaien hasieran irakurritako oharrean argi diote gaztetxeek zeri egiten dioten aurre: «Kortsarioen Donostian bizi gara. Ikuskizun ankerrean zezenketak egiten dituen hirian, langileon amaigabeko orduez zementuz betetzen doan hirian, emakumeon zapalkuntza eta eraso sexistak eguneroko diren hirian, postal bat bilakatzeko interes pribatuei makurtzen zaien hirian, zaborra errez eta lurra zulatuz dirua egin nahi dutenen hirian bizi gara».
Kijera gaztetxearen okupazioak errepresioa ekarri zuen berehala, baina aurre egin zioten, hiriko beste gaztetxeetako, gune autogestionatuetako, herri mugimenduetako eta Euskal Herriko gaztetxeetako jendearen babesari esker: «beraiengatik izango ez balitz ez dakit erresistentzia fasea gaindituko genukeen. Parte Zaharreko gaztetxea da gurea baina elkartasun asko jaso dugu eta hein handi batean horregatik gaude bizirik».
Letamaneko kideek azaldu dutenez gaztetxeek etengabeko erasoak pairatzen dituzte: «Desalojoak, mugak gauzak antolatzerako orduan, bestelako erasoak eta abar». Orain dela hilabete batzuk jasandako eraso baten ondorioz gaztetxera sua sartu zitzaiela gogorarazi dute. Kijeraren erresistentzia mugimendua ikusgarri egin zuen, eta bizirik ageri da. Añorgako gaztetxeko kideen iritziz, gaztetxeen mugimenduaren «indartze hau Euskal Herri mailan eman den prozesu baten parte» da.
Piraten Donostia
Kortsarioen Donostiaren aurrean Piraten Donostia aldarrikatu dute gaztetxeek. Erresistentzia guneak dira, baina baita elkartasun gune ere. Udalak abandonatutako espazioak biziarazi eta komunitateak babesteko lanean aritzen dira, besteak beste. Gaztetxeak kokatuta dauden auzoetan herritarren beharrei erantzuten diete askotan, modu autogestionatuan.
Kijera gaztetxeko kideek nabarmendu dutenez, «azken hiruzpalau urteetan haserre eta protesta dezente piztu du turistifikazioak eta auzoko beste arazo batzuekin batera gaztetxean ere hausnarketak ekarri ditu horrek». Diotenez, Parte Zaharra polemikoa den testuinguru batean egin zuten errealitate gaztetxearen proiektua: «auzotar asko joaten ari dira eta dirudun batzuk diru pila bat egiten ari dira instituzioen babesarekin. Auzotarrok elkar harremantzeko leku bat lortu dugu instituzioei aurre eginez eta logika turistikotik aldenduz». Antzekoa da egoera hiri osoan. Txantxarreka gaztetxeko kideek adierazi dutenez «Antigua oraindik ez da parke tematiko bilakatu, baina horrela jarraitzen baldin badu Parte Zaharreko egoera errepikatuko da. Antiguar moduan ia ezinezkoa zaigu bertan bizitzea. Donostia guztira zabaltzen ari da hori eta gelditzen saiatu behar gara». Auzoan alternatiba bat eskaintzeko espazio moduan ulertzen dute gaztetxea: «saiatzen gara auzoko gabeziak irakurri eta horiei irtenbide bat ematen. Ondo pasatzeko, disfrutatzeko eta norberaren intereserako ekintzak sortzeko gunea ere bada».
Letamaneko kideek nabarmendu dutenez, gaztetxeak ez dira kontzertuetarako aretoak bakarrik: «Gaztetxea zer izan behar den pentsatzen ari gara, zer eskaini behar diogun auzoari edo hiriari». Oraingoz, liburutegi bat daukate, tresnak erabilgarri, bizikleta tailerrak egiten dituzte… Era berean, hiriko errefuxiatuei lasai egoteko lekua eta arropa garbitzeko aukera eskaintzen diete. Pasa den Ramadanean gauero Iftarra antolatu zuten bertan, beste eragile batzuekin batera. Txantxarreka ere babes gune izan dute hainbat errefuxiatuk. Bertan izan dira urtebetez bestelako baliabiderik ez zuten hainbat migratzaile: «Harrera Sarea jarri zen gurekin harremanetan, lekua behar zutelako». Txantxafrika elkartea ere sortu zuten antolatu eta errefuxiatuei asistentzia juridikoa eta osasungintzakoa eman eta gizarteratzen laguntzeko: «Badirudi lortu dugula, gaztetxean bizi diren guztiak euren etxeetan bizi baitira orain. Auzotarren laguntzari esker izan da hori, udalak ez dio behar lukeen garrantzia eman eta lagundu ordez oztopatu egin du proiektua aurrera ateratzea».
Kijeran ere ekintza eta tailer ugari antolatzen dute, eta komunitate-bizitza bera ere garrantzitsua da, «aisialdi ez-antolatu asko egiten da, jende gazte asko etortzen da denbora pasatzera. Gero, gaztetxearen antolaketari lotutako asanbladak ere badaude eta hainbat herri mugimenduk erabiltzen dute gunea». Joskintza, kickboxing, capoeira eta bertsolaritza tailerrak ere egiten dira, beste gauza batzuen artean. Armairu kolektibo bat ere badute, «jendeak arropa utzi eta hartzeko, arroparen kontua ere merkatutik ateratze aldera». Añorgan, besteak beste, gazteen ehuntzean sakontzen ari dira, «eskaintza kultural zein politikoan sakontzea da gure helburua eta lanerako prest dagoen oro ongi etorria da».
Kijera gaztetxekoek diotenez, gaztetxeen artean «ez daukagu harreman marko formal bat baina azkenean harremanean gaude, gertutasuna sentitzen dugu, elkar ikusten dugu eta elkar laguntzen dugu». Gauza bera azpimarratu dute Letaman gaztetxeko kideek: «Bakoitzak bere proiektuari ematen dio forma baina elkar laguntzen, materiala uzten eta abar saiatzen gara». Diotenez, hiriko gune autogestionatuak «indartsu daude eta indartzen. Erritmoak motelak dira baina badago gogoa eta jendea». Mattiren bueltan elkartzeak gaztetxeak elkarrengandik gerturatu dituela nabarmendu dute Añorgako gaztetxeko kideek: «Matti garela jakin genuenetik gure arteko harremana indartu egin da. Balio dezala gure artean harremanak estutzeko!»