Aste Nagusi gaueko manifestazio feminista egin dute
Eraso sexistarik gabeko jaiak aldarrikatzeko gaueko manifestazioa egin zuen mugimendu feministak atzo Donostian. Ertzaintza manifestazioa gelditzen saiatu zen arren, protestak aurrera egin zuen “gauak eta kaleak emakumeenak* ere” direla aldarrikatuz.
Zuloaga plazatik hasi zen manifestazioa, baina ertzaintzak plazatik Parte Zaharrera igarotzen diren bi sarrerak estali zituen kordoi polizial baten bitartez. Manifestazioa 10 bat minutuz egon zen geldirik eta pertsona bat identifikatu zuten. Ibilbidea aldatu behar izan zen arren manifestazio ez zen desegin, eta protestak aurrera egin zuen Parte Zaharrean barrena.
Ibilbidea Donostiako Piraten gunean amaitu zen. Gunea itxi, bertako jarduera guztiak eten, eta kofradiako guztietako ordezkari bana eszenatokira igo ziren. Oholtza gainetik, Donostiako Piratek Aste Nagusian zehar jasotako salaketen testigantza batzuk irakurri zituzten. Piratek eraso sexistak salatzeko ahalbidetu duten telefonoan, Aste Nagusian jasotako zenbait esperientzia eta gertakizun gordin entzun ahal izan zituzten megafoniatik. Manifestazioaren lehen lerroa “trans, bollera eta emakumeek*” bideratuta, autodefentsa eta borroka feministaren aldarria egin zuten ehunka pertsonek.
Eneko Goia alkateak atzo adierazi zuen bost eraso salaketa izan direla Aste Nagusian. Donostiako Piratak eta mugimendu feministak baina, ez dira konforme agertu Donostiako Udalak eraso sexisten aurrean izandako jarrerarekin. Udalak salaketa juridikorik gabeko erasoak publiko egiten ez dituela kritikatu dute piratek eta mugimendu feministak. Asteazken goizean 11 eraso salatu zituzten haien gunean Donostiako Piratek. Horregatik, asteazken gaueko egitaraua bertan behera utzi zuten eta manifestazioa jendetsua egin zuten arratsaldean Parte Zahar eta Erdialdean zehar.